Bilbao-Bizkaia-Euskadi 2020ko Eurokopan izango da

Bizkaie! 2016-09-22 09:28   Kulturea

Bilbon 2020ko Eurokopea hartu ahal izateko, antolatzaileak jo eta ke dabiz lanean, kirol-hitzordu honen arrakastea bermatzeko helburuz, Bilbo-Bizkaia-Euskadi markea mundu osoan zabalduko dauelako.

Bart aurkeztu dabe Londresen 2020ko Eurokopearen irudi korporatiboa. Ekitaldi horretan, 13 uri anfitrioietako bat Bilbo izango da, orain urte bi Genevan iragarri zanez. Arrazoi horregaitik, Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kiroletako zuzendariak, eta Xabier Ochandiano, Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enpleguko zinegotziak Espainiako Futbol Federazinoko ordezkaritza bategaz batera, aurkezpen ekitaldian parte hartu dabe, Britainia Handiko uriburuko udaletxean. Europar futbolaren gala honetara lehiaketa hau hartuko daben uri guztietako ordezkariak joan dira, eta Sadiq Khan Londresko alkatea izan da buru.

Eurokopearen XVI. edizinoaren logotipo barria eta irudi korporatibo osoa aurrerago helduko dira Bilbora. Hemen, ekitaldi bat egingo da irudi hori EAEko herritar guztiakaz konpartiduteko eta herritarrek kirol ekimen honegaz bat egin deien bultzatzeko, kirolzaleak gogo biziz dagozalako Eurokopea ikusteko. Txapelketearen bideo korporatiboan Bilboko eraikin eta leku enblematikoak agiri dira, eta partiduak jokatuko diran urietako zubiek presentzia esanguratsua dabe, kultura eta deszaerdinen arteko loturearen sinbolo legez.

2020ko Eurokopan Euskadik izango dauen parte hartzea Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzearen alkarlanaren ondorioa da, nazinoartean garrantzia daukien kirol-ekitaldiak geureganatzeko lanean dabilzalako. Izan be, holakoek gure urian, lurraldean eta Euskadi osoan eragin ekonomiko handia dakarre. Oraingo honetan, Athletic Cluben laguntzinoa oso garrantzitsua izan da txapelketea EAEn egin ahal izateko. Bilbao-Bizkaia-Euskadi egoitzak taldeen fasea eta final-zortzirenak hartuko ditu, Brusela, Kopenhage, Glasgow, Amsterdam, Budapest, Bukarest eta Dublinegaz batera. Taldeen fasearen ganerakoak eta final-laurenak Munich, Baku, Erroma eta San Petersburgon jokatuko dira. Final-erdiak eta finala Londresko Wembley Stadium mitikoan egingo dira.

2020ko udan, Bilbon dana prest egon daiten, antolatzaileak jo eta ke dabiz lanean. San Mames barria izango da euskal egoitzako norgehiagoken agertokia eta, beraz, europar futbolaren historian sartuko da. Ez da Euskadin nazinoarteko futbol lehiaketa garrantzitsu bat jokatzen dan lehen aldia. 1982an, San Mames zaharrean 82ko Mundial famatua jokatu zan, aurretiazko faseko hiru partidugaz, Ingalaterra, Frantzia, Txekoslovakia eta Kuwaiteko selekzinoek jokatu zituenak.


Eurokopearen 60. urteurrenaren nazinoarteko proiekzinoa

2020ko Eurokopea lehiaketearen 60. urteurrenean jokatuko da. Urteurren horri esker, Europako txapelketa honek eta hori hartzen daben uriek oihartzun mediatiko handia izango dabe bost kontinenteetan. Beste alde batetik, San Mames estadioa egoitza ezin hobea da, UEFAk futbol zelaietarako ezarritako baldintza guztiak beteten ditualako. Jokalekua eregi barria izateaz gan, UEFAk beren-beregi balorau ditu haren irisgarritasuna eta mobikortasuna elbarrientzat, baita 53.000 personarentzat dauen edukierea bere.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu