Horacio Altuna eta Jose Ibarrola omenduko ditu Getxoko Komiki Azokeak

Bizkaie! 2016-09-22 08:50   Kulturea

Zemendiaren 18tik 20ra egingo dabe Getxoko Komiki Azokearen XV. edizinoa, Areetako Geltokiaren plazako karpan.

Jose Ibarrola, berak egindako margolan baten aurrean | Ikusi handiago | Argazki originala

Getxoko Udalak aurreratu dauenez, erakusketak, salmentea, tailerrak eta abar egongo dira azokearen hiru egunetan. Komikiaren eta fanzinearen munduagaz loturea daukien argitaletxe, autore eta saltzaileek euren txokoa izango dabe.  Azokearen ordutegia hau izango da: Goizean, 11:00etatik 14:30era eta, arratsaldean, 17:00etatik 21:00etara. Azken egunean, domekan, ordubete lehenago zarratuko dabe. 

Komiki Azokako arduradunek aurreratu dabenez, protagonista berezi bi izango ditu aurtengo edizinoak, Horacio Altuna komikigile argentinarra eta Jose Ibarrola eszenografo, ilustratzaile eta eskultore bilbotarra. Biak omenduko ditue eta hareen lana ikusi ahal izango da erakusketetan. Istorio grafikoari batak zein besteak egin deutsiezan ekarpen nabarmenenak ikusi ahal izango dira erakusketotan.

Horacio Altuna Argentinako Cordoba urian jaio zan 1941ean. Bere herrialdeko aldizkarietan hasi zan gaztetan marrazkiak egiten eta Columba argitaletxearen pertsonaiak marrazten be ibili zan. Nazinoartean ospea lortuta, Italiako eta Britainia Handiko argitalpenetan lan egin eban 1970eko hamarkadan. 1983an argitaratu eban bakarkako lehenengo liburua.

Altunaren sorkuntza ezagunenak Las puertitas del Sr. López, Charlie Moon, Merdichesky, El último recreo eta Tragaperras dira, besteak beste. El Loco Chávez pertsonaia be ospetsu egin zan Argentinan. Mende erdiko ibilbidean, sari asko emon deutsiez Altunari, adibidez Yellow Kid eta Bartzelonako Komiki Azokako sari nagusia.

Jose Ibarrola, bestalde, Bilbon jaio zan, 1955ean. Ilustratzaile hasi zan 1975ean eta hainbat aldizkari eta egunkaritan argitaratu zituan irudiak urte askoan. Lau komiki-album argitaratu ditu. Ganera, narrazino labur ilustraduak atera ditu Pamiela eta Cimoc argitaletxeakaz. Eskulturan eta pinturan be ibilten da eta, 1980ko hamarkadatik, antzerkirako, telebistarako eta zinemarako eszenografian be lan egiten dau.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu