Khea Ziater Bilboko konpainiak emongo deutso hasierea Zornotza Aretoko programazino barriari

Bizkaie! 2016-09-20 13:46   Kulturea

Zornotza Aretoko programazino barria datorren urriaren 6an hasiko da Khea Ziater konpainiaren Malmo antzezlanagaz (gaztelaniaz).

Emakume biren adiskidetasunari buruzko antzezlan hau Alex Gerediagak zuzendu dau. Antzezlan honetako protagonistek zorakeria guztiak egin zituen garaia alkarregaz igaro eben eta badirudi euren adiskidetasuna hausiezina dala baina egun batean dana aldatzen da. Adiskidetasuna hausi egin zan. Urte batzuk igaro ondoren, barriro batzen dira eta mendekua hor izango da.

Antzezlan horrezaz gan, programazino barrian antzerkia, musikea, jantzak eta beste 8 euskal udalerrigaz batera antolatzen dan Txiki, txiki, txikia txikienentzako arte eszenikoen nazinoarteko jaialdiaren ikuskizun bat be egongo da. KINE zineklubak antolatutako 3 zine-klub saio be egongo dira eta Andrés Espinosa Gogoratuz urteroko programearen proiekzioak.

Areatzako musika bandea, 40 bat musikari dituana, urriaren 7an, 20:00etan Zornotza Aretoan izango da Mangamore Japoniako kulturearen jaialdiaren X. edizinoan parte hartzeko. Kultura horretako soinu-banda ezagunak eskainiko ditu: Doraemon, Dragon Ball, Final Fantasy, Pokemon eta Zelda beste batzuen artean.  

Oskara jantza ikuskizunak urriaren 28an, 21:00etan, Kukai Dantza eta Marcos Morauren lanak buztartuta aurkeztuko ditu. Euskal kulturearen hainbat pasarte islatzen dituan lana da: mitoak, ohiturak sinboloak... Hasieratik gaur egunera arte, kultura tradizionalaren eta abangoardiaren arteko ibilbide plastiko ederra aurkeztuz.

Zemendiaren 4an, 21:00etan, antzerkia bueltauko da Xake Produkzioak taldearen Mami Lebrun antzezlanagaz. Lan honetan, protagonista biek, Egoitzek eta Mirenek omenaldi bat egingo deutsie euren amamari ganbaran topautako eguneroko batzuk erabilita; horreek amamak gaztetan Parisko kabaret batean bizitakoa kontetan dabe. Dana dala, Egoitzek badauka zeozertxu Mireni kontau ez deutsona...

Oleswing musika herrikoiaren azken aldiko proiektu barritzaile eta personaletariko bat da eta zemendiaren 10ean, 20:30ean ikusgai egongo da. Hur eta aldi berean urrun dagozan musika esparruak, Espainiako musika herrikoia, koplak, klasikoa eta folklorea eta gerra arteko sasoiko Gyspsy Jazz frantses sutsua lotzen ditu.

Txiki, txiki, txikia nazinoarteko antzerki jaialdi bat da 0 eta 5 urte arteko umeentzat. Hainbat udalerriren artean antolatzen da: Amorebieta-Etxano, Basauri, Zarautz, Mungia, Barakaldo, Berriz, Sopela eta Durango. Holan, zemendiaren 18an, 17:00etatik 19:00etara Loo antzezlana ikusi ahal izango da, agiri poetiko eta ezezagun bat, lupeagaz aztertzen dauena zergaitik haizeak basamortu bihurtzen dauen.

Markeliñe, Zornotza Aretoan egoitzea dauen antzerki taldearen hurrengo estreinaldia Euria izenekoa da. Jantzak eta antzerkia buztartzen dituan ikuskizuna, familiei zuzenduta dago, zeozer nahi izan eta galtzen dogunean zer jazoten jakun eta zelan sentiduten garen azalduz. Giro poetiko batean, umore puntu bategaz eta gure begiak harriduraz betez, protagonisteak aterki bigaz zelan bizi dan kontauko deusku. Zemendiaren 25ean, 21:00etan eta zemendiaren 26an, 18:00etan.

Taxidermia de un gorrión antzezlanak animaliei argazkiak ateratzen deutsezan erreportari baten eta diva handi baten, Edith Piaf, abeslari frantses ahaztezina, fikzinozko topaketea dakar. Abenduaren 16an, 21:00etan.

Urtero Zubiaur Musika Eskolako ikasle eta irakasleek Gabonetan kontzertu bat antolatzen dabe koru musikea eta musika instrumentala eskainiz. Kontzertu honetan, estilo desbardinetako lan eta abestiak entzun ahal izango dira eta 100 lagunek baino gehiagok parte hartuko dabe. Gabonetako programazinoan dagoeneko klasiko bihurtu da. Abenduaren 23an, 21:00etan.  

Pintto Pintto abenduaren 29 eta 30ean, 19:00etan. Euskal Herriko hainbat antzoki eta aretotan izan ondoren, Miren Larrea zornotzarra eta Txileko Valentina Raposo barriro be bueltan datoz keinu eta txotxongiloakaz osotutako antzezlan dibertigarri hau sortu eben lekura, hain ezaguna dan umeen abestian oinarritua.   


Andres Espinosa gogoratuz

Andres Espinosa Zornotzako mendizale eta abenturazalearen oroimenez urtero egiten dan programan, Bilbao MendiFilm Festivalen azken edizinoan ikusitako film laburrak ikusi ahal izango dira (Urzulo, Sunakali eta A line across the sky) irailaren 27an, 20:15ean eta irailaren 28an, 20:15ean Skimetraje eski eta snowboard film laburren jaialdiko 2015. edizinoan ikusi ziran onenak. Irailaren 28an, Aurora borealis ikusi ahal izango da, Zornotza Mendi taldeak Norvegiako fiordoetara egindako bidaia bati buruzko film laburra.


Zine-kluba

Zine-klubeko zikloei jagokenean, urrian Igo nazazu nire mendira-ren txandea izango da eta K2 tocando el cielo, Blackfish eta Fuerza Mayor filmak ikusi ahal izango dira. Zemendian, zinemea gizartearen ispilu izango da ardatza eta ondoko pelikulak egongo dira: 52 Martes, Una segunda madre eta Infinitey polar bear. Abenduan zikloa Musikofilia izango da eta ondokoak ikusi ahal izango dira: Janis: Little girl blue, Rock the kasbah eta Mercedes Sosa: la voz de Latinoamérica. Saio guztiak 20:15ean izango dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu