Hemen da XXIII. Juanita Ibaibarriaga Literatur eta Erreportaje Lehiaketea

Bizkaie! 2016-09-14 09:00   Kulturea

Ermuko ume eta gazteen artean komunikazino idatzia euskeraz zuzen ez eze txukun eta egoki be egiteko gaitasuna bultzatzea da sari honen helburua.

XII. Juanita Ibaibarriaga Literatur eta Erreportaje Lehiaketako irabazleak | Ikusi handiago | Argazki originala

Lehen Hezkuntzako 3. mailatik DBHko 4. mailara arteko ikasleek parte hartu leikie Lehiaketan. Gaia librea da eta parte-hartzaileek ipuin, narrazino edo erreportaje bat aurkeztuko dabe. Lanak e-postaz bialdu daitekez euskara@udalermua.net helbidera; mezuaren gaian Juanita Ibaibarriaga eta jagokion mailea idatziko dira. Mezuak fitxategi bi izango ditu erantsita: batean lan bera egilearen ezizenagaz; eta beste artxibo batean egilearen datuak (ezizena, izen-abizenak, helbidea, telefonoa, NAN zenbakia, mailea eta lanaren izenburua). Korreo arrunta be erabili daiteke; gutun bi erabili beharko dira: gutunazal txiki batean egilearen datuak sartuko dira (izen-abizenak, helbidea, telefonoa, NAN zenbakia, mailea, lanaren izenburua eta ezizena). Gutunazal txiki hori eta lana bera beste gutunazal handi baten barruan sartuko dira eta holan bialduko da ondoko helbideetara: Ermuko Udala, Lobiano Kulturgunea, Goienkale 10, 48260 Ermua edota Ermuko Udala, Euskara Saila, Konbentukoa, 5, 48260 Ermua.

Ikastetxeen bitartez aurkezten diran lanak ikastetxean bertan entregauko dira.

Lanak aurkezteko azken eguna 2016ko zemendiaren 3a, eguena, izango da.



Epaimahaia, barriz, Ermuko Udaleko Euskara Sailak izentauko dau.

Saritutako lan guztiak Ermuko Udalaren jaubetzakoak izango dira eta ohiko bitartekoen bidez zein Ermuko Drogetenitturri herri aldizkarian argitaratzeko eskubidea gordeten dau beregan.

Egileei ez jakez jatorizko lanak itzuliko epaimahaiaren erabagia ezagutarazo eta hamabost egunen buruan beren-beregi holan eskatzen ez badabe eta jasotera ez badatoz. Jaso ezean lanak Udalaren esku geratuko dira, egileak lanagazko eskubideak galduz.

Partaideek oinarriotan jasotakoak onartuko ditue, gorabeherarik sortu ezkero, Ermuko Udalak hartuko dau erabagia, epaimahaiaren txostena jaso eta gero.

Sariei jagokenez, batetik, Lehen Hezkuntzako ikasturte bakotxeko 40 euroko erosketa saria, Ermuko Merkatarien Alkarteko dendetan trukatu ahalko dana; bestetik, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasturte bakotxeko, barriz, 60 euroko  erosketa saria, Ermuko Merkatarien Alkarteko dendetan trukatu ahalko dana.

Sariak emoteko ekitaldia 2016eko abenduaren 1ean, eguenean, izango da.


Juanita Ibaibarriaga

Juanita Ibaibarriaga Ermuan jaio zan 1934. urtean, Iturria-ganeko etxean, eta berari eta bere senideei Pelaionekuak esaten eutsen. Ezkondu eta lau seme-alaba izan  zituan  (bata txikitan hil jakon). Horrexek hazi eta heztera dedikau zan buru belarri: inguruan baina beti loba aldra itzela, ze ‘tia Juanita’ berezia zan.

Autodidaktea eta  rakurle amorratua, bere inguruan jazoten zanaz jantzita egotea gustetan jakon persona edegia zan, erispide zabalekoa, dana eta danakaz errespetetan ohitua.

Mendia zan bere aparteko beste zaletasuna. Egunero egiten eban bere osteratxua eta handik bueltan aldean beti ekarten eban zeozertxu, bere amari entzunda eutson eta 'Euskal Herriko mendiak oso aberatsak dira'; berbena-belarrak edo beherakoa kentzeko landaren bat edo tensinoa bajatuteko asun txortaren  bat...  Ondo ezagutzen zituan danak, euren izen eta ezaugarri guztiakaz.

Alaia eta berba gitxikoa, beti eukan minaren puntan erantzun edo kontseilurik egokiena. Atsegina zan beragaz berba egitea, ze hemendik ez bazan, handik agertzen eban bere bizitzaren jakituria, bere filosofia eta gauzak ikusteko modua. Gauzak datozen moduan lasai hartzekoa, 'konponduko don neska!' zan bere esaldietako bat.
 
Beste aita eta ama askogaz batera Ermuko familia alkartean burrukatu eban ikastolea aurrera atarateko. Bere seme-alabei etxerako lanetan lagunduz, euskeraz   irakurtera eta idaztera zaletu zan eta hareek koxkortu ziranean, lan sozialak egiten hasi zan.

Behargin fin eta nekaezina, herriko Euskal Birusa Kultur alkartearen sorrerea  konpartidu eban beste persona batzuekaz, gogor lan eginez bertako hizkuntza, ohiturak eta abestien berreskurapenean.
 
Drogetenitturri herri aldizkariko hasierako zenbakietan kolaboratzaile moduan agertzen da.

Juanita  1992an  hil  zan, 58 urte zituala, adorerik handienaz, gaixotasun mingarri bati aurre egin ostean. Etxekoandre arrunt eta apala izan zan, Ermuko beste edozein andrazko modura, estimatua, bere ingurukoek maitatua, kultua eta  besteentzako beharra egiteko zein bizirik mantendu behar zanari eusteko astia atara ebana.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu