Etxeparek eta Université Bordeaux Montaigne unibersidadeak Jean Haritschelhar Katedrea sortu dabe
2016-09-13 16:25 KultureaIzenpetutako akordioaren ondorioz, Jean Haritschelhar Katedrea abian jarriko dabe Bordeleko Université Bordeaux Montaigne unibersidadean 2017. urtean.
Etxepare Euskal Institutuak eta Université Bordeaux Montaigne unibersidadeak hitzarmen bat sinatu barri dabe Bordelen, euskal ikasketak bertan sustatzearren. Katedra barri honek Jean Haritschelharren ikerketa eremu izan ziran euskal ikasketak, batez be literaturea eta hizkuntzalaraitzea, eta iberiar ikasketak sustatzea dau helburu, Haritschelharren beraren espiritua izan ziran nazinoarteko eta mugaz gaindiko harrtu-emonak jagonez. Holan, datorren urtean berbaldi edegi bat eta nazinoarteko mintegi bat École Doctorale deitutakoaren barruan antolatuko ditue, eta, mugaz bestaldeko alkarlanari eutsiz, irakasleak berbaldiak eta eskolak emongo ditu UPV/EHU-n eta Baionako IKER Ikerketa gunean.
Hitzarmenaren sinadura ekitaldian, Jean Haritschelhar irakaslearen gaitasun akademiko eta diplomatikoa, eta eskuzabaltasuna ekarri zituan gogora Mari Jose Olaziregik (hurretik ezagutu eban, Euskaltzaindiako Literatura Ikerketa Batzordeko kide izan baitziran biak). 38 urtez ibili zan Haritschelhar Euskaltzaindian, zuzendaritza kargu desbardinetan, eta hainbat ikerketa kaleratu zituan 400tik gora sarrerako bere argitalpen zerrendan, nabarmendu eban Olaziregik. Langile porrokatua, katedra honegaz saiatuko gara bere ekarpena ohoratzen eta berak hasitako hainbat bideri jarraipena emoten. Eta hori guztia Frantzian Euskal Ikasketen lehenengo katedrea sortu zan unibersidade esanguratsuan, Bordeaux Montaigne unibersidadean.
Sinadurearen ondoren, Katedrearen ardura akademikoa dauen taldea be batu zan, honako adituek osotzen dabena: Frédérick Boutoulle Université Bordeaux Montaigne unibersidadeko Nazinoarteko Harremanetako burua, Jean Casenave eta Aurelia Arcocha katedradunak (UBM), IKER guneko zuzendari Ricardo Etxepare eta Mari Jose Olaziregi (EEI/EHU) bera. Adostu ebenez, Katedra barriaren lehen programak, 2017ko udabarrian mugaz bi aldeetan egingo danak, eleaniztasuna izango dau ardatz.
Jean Haritschelhar Katedrea Etxepare Euskal Institutuak zabaldu dauen zortzigarrena izango da; ondokoak dira, hain zuzen, 2011. urtetik Institutuak nazinoartean sortu dituanak: Bernardo Atxaga Katedrea (CUNY, New York), Koldo Mitxelena Katedrea (University of Chicago), Eduardo Chillida Katedrea (Goethe Universität Frankfurt), Manuel Irujo Katedrea (University of Liverpool), Jon Bilbao Katedrea (University of Nevada-Renoko), Eloise Garmendia Bieter Katedrea (Boise State University) eta William A. Douglass Katedrea (University of Massachusetts Amherst).
Emoitza ederrak emoten dagoan katedra sare honek, euskal ikerlariek nazinoarteko unibersidade gune entzutetsuetan graduondoko irakaskuntzea eta ikerkuntzea egitea dau helburu, Euskal Ikasketak nazinoartean zabaldu eta sendotzeko Institutuak Mari Jose Olaziregiren gidaritzapean azken bost urteotan zehaztutako estrategiaren barruan. Euskal Literaturea eta Linguistikea, Ikasketa Kulturalak, Ikasketa Politikoak, Artearen Historia eta Teoria ikasketak, Euskal Diaspora Ikasketak... Horra, orain artean, katedra horreetan landutako ikerketa arloak.
Ikasturte honetako eduki zehatzei jagokenez, udagoien honetan hiru programa gauzatuko dira; lehen bietan Olaziregi be izango da konbidadu:
Irailaren 26an, William A. Douglass Katedrearen lehen programa zabalduko da University of Massachusetts Amherst unibersidadean, eta Douglassek berak emongo dau zabaltze hitzaldia. William Douglass, Basque Studies and the Anthopology of Europe nazinoarteko sinposioa be egingo dabe, honako adituen partaidetzeagaz: Caroline Brettell, Susan Carol Rogers, Sharon Roseman eta Joseba Zulaika.
Bernardo Atxaga Katedrearen programa akademikoa urriaren 5etik 7ra bitartean izango da, City University of New York-eko Graduate Center gunean. Aurtengo Mintegiak Language ideology and Political Practice in Basque Language Revival dau izenburu eta Jacqueline Urla eta Esti Amorrortu Gómez izango dira irakasleak.
Eta Frankfurteko Goethe Universität Unibersidadeko Eduardo Chillida Katedrearen programea urriaren 17an hasiko da, eta zezeilaren 10era arte iraungo dau. Nina Schallenberg doktoreak diseinau dau Politics of Sculpture in Public Space aurtengo programea, eta berak erakutsiko ditu programeak eskainiko dituan ikastaro biak eta tailerra.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!