Hilaren 15ean hasiko da 28. Bilbao Uria Pop Rock Lehiaketea

Bizkaie! 2016-09-13 13:01   Musikea

Lehiaketea 18-35 urteko gazteek osotutako musika-taldeentzat da, euren lanari laguntzeko eta zabalkundea emoteko, aldi berean estaduko eta atzerriko beste banda batzuekaz joteko aukerea eskainiz.

Bilboko Udalak antolatuta, Europa mailan eredu dan Bilbao Uria Pop-Rock Lehiaketearen 28. edizinoa datorren eguenean, irailaren 15ean, hasiko da sailkatzeko kontzertuakaz. Kontzertuak Bilborock aretoan izango dira irailaren 15etik urriaren 27ra bitarteko eguenetan eta barikuetan, 20:00etan. Sarrerea dobakoa da.

Bilbao Uria Pop-Rock Lehiaketea 18-35 urteko gazteek osotutako musika-taldeentzat da, euren lanari laguntzeko eta zabalkundea emoteko, aldi berean estaduko eta atzerriko beste banda batzuekaz joteko aukera eskainiz.

Musikearen arloko adituek osotutako epaimahaiak sailkapen fasean zuzenean joko daben 34 taldeak aukeratu ditu. Edizino honetan izena emon daben 626 taldeen artean aukeratu ditue 34 talde horreek (462 talde Pop-Rock-eko modalidadekoak dira; 122 Metal-ekoak eta 42 Elektronikako eta Beste Joera batzuetakoak).

Finalistek zemendian modalidadeka jokatuko diran finaletan hartuko dabe parte; pop-rock-eko kategorian 3 talde, metaleko modalidadean beste hiru eta beste joera batzuetako 4, zuzenean aukeratutakoak azken horreek.

Ondoko herrialdetakoak dira bandak: Euskadi, Nafarroa, Frantzia, Madril, Bartzelona, Tarragona, León, Cadiz, Málaga, Errioxa, Cuenca, Albacete, Alacant, Valentzia eta Zaragoza.


Ondokoak dira sailkatzeko balioko daben kontzertuen eta azken kontzertuen egunak, musika-estiloaren arabera jarrita:

- Pop-Rock:

Iraila: 15, 16, 22 eta 29.
Urria: 6, 13, 20 eta 27.
Zemendia: 12 (finala).


- Metala:

Iraila: 23 eta 30.
Urria: 7, 14 eta 21
Zemendia: 11 (finala).


- Elektronikea eta beste joera batzuk:

Finala, zemendiaren 10ean.


Sariak

Pop Rock eta Metal kategorietan, 5.000na euro eroango ditu talde irabazleak eta 2.500, barriz, Elektronika eta bestelako joerak kategorian irabazten dauenak. Bigarren sailkatzen diranentzako, bakotxak 2.500a euro jasoko ditu Pop Rock eta Metal kategorietan eta hirugarrenek, barriz, 1.200 bakotxak.

Era berean, 1.100 euroko sari berezia be emongo dau epaimahaiak.

Dirutan emongo diran sariez gan, babesleek emongo dituenak dagoz (materiala, zabalkundea, zuzeneko emonaldiak...). Ikus-entzuleek be aukerea izango dabe zenbait sari eskuratzeko, jaialdietarako sarrerak kasu, finalistak aukeratzeko botoa emokeran.


Webgunea eta finalak streaming bidez

Aurten be, Bilboko Udalak www.concursovilladebilbao.com webgunea jarri dau eskura, lehiaketearen ganeko informazinoa konsultetako: kontzertuen egunak, taldeen informazinoa, emonaldien bideoak... Era berean, aukeratutako taldeek aurkeztutako abestiak be entzun ahal izango dira, eta zemendian egingo diran finalak streaming bidez eskainiko dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu