Azkue Literatura sarietako irabazleen lanak argitaratu ditu Euskaltzaindiak

Bizkaie! 2016-09-12 15:39   Kulturea

Euskaltzaindiak bultzatzen dau lehiaketea, BBK Fundazinoaren babesagaz, gazteen artean literaturarako zaletasuna eta euskeraz idazteko ohiturea zabaltzeko.

2015eko Resurreccion Maria Azkue Literatura sariak irabazitako ikasleak | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskaltzaindiak 2015eko Resurreccion Maria Azkue Literatura sariak irabazitako ikasleen lanak argitaratu ditu. Akademiak eta Bilbao Bizkaia Kutxa Fundazinoak antolatzen dituen sariok idazle gazteak literatura mundura erakartea dabe helburu. Akademiatik jarraituko dogu euskerea eta literatur sorkuntzearen arteko zubiak eregiten, agindu eban Adolfo Arejita euskaltzain eta Iker sailburuak aurtengo sari banaketa ekitaldian.

Jakina danez, genero bi saritzen dira Azkue lehiaketan, narrazinoa eta olerkia, eta genero bakotxak maila bi ditu: A mailea, 10 eta 13 urte bitarteko gazteentzat, eta B mailea, 14 eta 17 urte bitartekoentzat.

Gauzak holan dirala, A mailako narrazinoan, Azpeitiko Urola ikastolako Edurne Bastidak irabazi eban lehen saria, Itsasoari begira lanari esker, eta olerkian, barriz, ikastola bereko Naroa Muñozek, Hareazko erlojua lanari esker. B maileari jagokonez, narrazinoan Pasaia-Lezo Lizeoko Olaia Gerendiainek irabazi eban 2015eko lehiaketea, Isiltasunean lagun lanagaz, eta olerkian, Altsasuko Bigarren Hezkuntzako Institutuko Idoia Granizok, Hitzak hots lanagaz.

Edadeotan neskak dira nagusi. Nik uste dot eurek balore gehiago emoten deutsiela irakurri eta idazteari, eta mutilek bestelako kontuetan dabilzala iruditzen jat. Baina gero, arduratsuagoak diranez, ikasketetan buru-belarri sartzen dira neskak eta literaturea baztertzen dabe, baina aurrerago berreskuratzen dabe, 25 urtetik gora edo. Baina kontuz, hortik gora gizonezkoak izan diralako nagusi oraintsu arte. Azken hamar urteotan ez, jokerea nabarmen aldatu dalako. Eta emakumezkoek hauspo barria emon deutsie euskal literatureari, ikuspuntu propio bat, esan eban Yolanda Arrieta idazle eta epaimahaikideak martian eginiko sari banaketan. Esangura horretan, aurreko urteetako jokerea indartu da azken sariketa honetan be, nesken esku geratu diralako sari guztiak. Bestelako kontuak be agertu zituan martiko sari banaketeak: batetik, gipuzkoarren nagusitasuna (12 saritik zortzi eskuratu zituen), eta, bestetik, Iparraldeko gaztetxuen hutsunea. Beste lau sariak Nafarroa (2), Araba (1) eta Bizkaia (1) aldera joan ziran.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu