Txinako etxe orratzak zerutik hurrago (Eta lurrak ezin deutso pisuari eutsi)

Zigor Aldama 2016-09-08 10:20   Bidaide

Txinan obsesino handia dago errekorrak edota marka guztiak txiki ixteko eta, esangura horretan, basatiak eta neurri bakoak izan dira azken bi hamarkadotan egin dituenak.

Segunduko 18 metro ez da upealako markea, izan be, 64,8 kilometro orduko abiadurea baino ez da. Baina gauza bat da zeharretara abiadura horretan joatea eta beste bat, barriz, goitik behera egitea. Horixe da, hain zuzen be, Shanghaiko Torre zabaldu barrian Mitsubishi etxeak jarritako 106 igogailuetatik hiruk hartzen daben abidurea. Munduko azkarrenak dira eta belarriotan berehala igarriko dogu hori. Beheko pisutik 118. pisura arteko bidea 30 segunduan egiten dabe eta erabiltzaileek makinatxu bat keinu egin behar izaten ditue presinora egokitzeko. Ume askok negarrez amaitzen dabe bidaia. Ez da kohetea baina antz handia dauka.

Shangháiko lur azaletik 552 metroko altuerea dauka eta planetako behatoki edo begiratokirik altuena ei da; Txinan obsesino handia dago errekorrak edota marka guztiak txiki ixteko eta, esangura horretan, basatiak eta neurri bakoak izan dira azken bi hamarkadotan egin dituenak. Metro batzuk mendebaldera Ekialdeko Perlaren Torre txikia agiri da, larrosa koloreko bola bi dituan telekomunikazinoetako eraikina, 1994an, Lujiazui finantza distritoan urigintza basatiaren bidea zabaldu ebana. Ordutik landagune baketsu eta emonkorra izateari itxi eta asfalto eta zementuzko ohian bihurtu zan, Planetako herrialde populatuenaren goranahi ekonomikoaren erakusgarri. Eraikin erraldoiak bata bestaren atzetik datoz eta Jin Mao edo Xiringa ezizenez ezaguna dan 420 metroko etxe orratzak bost urte baino ez zituan behar izan Txinako eraikin altuena izateko. Dana dala, marka hori txiki itxi eban 2007. urtean 494 metroko SWFC, Munduko Finantza Zentruak. Mundua gogor astindu dauen krisi ekonomiko gogorrak be ez dau, antza, eragin handirik izan Txinan eta kristal eta altzairuzko munstro hori txiki itxi dau 632 metroko Shanghaiko Torreak, AEBetako Gensler etxeak diseinau eta 2.180 euroko kostua izan dauen erraldoiak; atara kontuak, horren altuerea Dubaiko Burj Khalifa eraikinak baino ez dau gainditzen. Beraz, lau erraldoi horreek lehian eta burrukan dabiz turistak erakarri guran, kutsadurarik ez dagoanean, 24 miloa lagunez osotutako megalopoliaren pare bako ikuskizunaz gozau deien.

Ekialdeko Perlaren Torreak buelta osoa emoten dauen jatetxea dauka 263 metroko altueran, SWFC eraikinak kristalezko pasarela bat jarri dau 474 metroko altueran eta ospea galtzen egoan, Jin Mao eraikinak, barriz, skywalk berezia jarri dau, arnesa eta kaskoa jantzita eraikinaren kanpoaldetik osterea egiteko aukerea eskaintzen dauena, 340 metrora. Agintariek zorrotz betearazoten ditue segurtasun neurriak eta oraingoz ez da ezelako ezbeharrik izan. Ganerakoentzat, Shanghai Torreko ugerlekuan, 393 metroko altueran bainua hartzea be ez da aukera txarra eta, ahal izan ezkero, Jin Jiang kateak laster zabalduko dauen munduko hotelik altuenean gela bat erreserbetea.

Sano ikusgarria da Shangháiko skyline edo zerumugea baina zerura hurreratzeko burruka horrek dudak be sorrarazoten ditu. Torre altueneko arduradunek autortu dabe 30.000 laguneko gehieneko okupazinorik ez dabela lortu oraindino, akaso, sustatzaileek ez ebelako aurreikusi munduko bigarren indarraren ekonomiaren moteltzea; izan be, azken mende laureneko Barne Produktu Gordinaren hazkunderik txikiena bizi dau egun. Era berean, oso arduratuta dagoz aitatu eraikin erraldoien seguridadeagaz, batez be, azken aldion izan diran suteetan suhiltzaileek euren lana egiteko izan dituen arazoak gogoan. Hori gitxi ez balitz, pasa dan maiatzean Shanghaiko Torrearen 20.000 leiho erraldoietatik, 76. pisuko 3 metro koadroko bat lurrera joan zan; zorionez, kotxe baten gainean jausi arren eta barruan gizonezko bat egoan arren, zauri arinak baino ez zituan izan.

Edozelan be, Shanghai urian azken aldion dagoan gero eta eraikin altuagoak eregiteko obsesinoaren ondoriorik kaltegarriena ondokoa da: etxe orratzen pisua sekulakoa da eta lurrazpiko akuiferoak, barriz, nahikoa ahulak; horren ondorioz, Pudong distritoa beheraka doa, urtean zazpi bat zentimetro, 1921. urtetik 2,6 metro. Adituen eretxiz, hondamendi handia subertau daiteke aitatu arazoari aldaketa klimatikoak eragindako itsas-mailearen igoerea gehitzen badeutsagu. Errekorrak ezartzeko gogo bizia erabat baztertu barik, bildurraren bildurrez, Txinak 739 metroko altzairuzko erraldoia izango dau laster baina Shanghai urian barik, hegoaldeko Shenzhen urian.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu