Ana Riañoren lanak ikusgai 'Barriek 2016' programearen barruan

Bizkaie! 2016-09-07 13:17   Kulturea

Programa horren bidez, Bizkaiko Foru Aldundiaren sorkuntza artistikorako bekak jasotako artisten lanak ezagutzera emoten dira. RRSS (Redes Sociales) erakusketea zemendiaren 1era arte egongo da zabalik.

Azken lan honetan, Ana Riañok teknologia barriak ditu ardatz, batez be gizarte-sareetan, zertarako eta jazoera desbardin biren bateratzea ikertzeko. Alde batetik, nortasuna eregitea norbera artistea dan neurrian; eta, bestetik, intimidadea beste persona ezezagun batzuei erakustea, norberaren irudiaren kudeaketea, norberaren egiaztapenen naturaltasuna edo artifiziokeria.

Asmo horreen bategiteak dakar irudi jakin baten arazoa, hau da, artistek, galeria-jaubeek, museoetako zuzendariek, arte-kritikariek etab. gizarte-sareen birtualtasunean proiektetan daben irudiaren arazoa. Hortik hasita, Riañok bere buruari itaundu deutso ia zein irudi proiektau leikien daborduko hilda egon eta teknologia barriakaz bizi izan ez ziran artistek.

Proiektu honetarako, Yves Kleinen biografiaren zati erdi-benetako bat aukeratu dau, eta haren bizian izan ez ziran pantailaratzeak sortu ditu, bera teknologia barriakaz eta gizarte-sareakaz batera bizi izan balitz lez. Eta hori egin dau eskuarte tradizional baten bidez, hau da, pinturearen bidez; modu horretara, produzidutako piezak ikusleak obra legez ulertuko ditu, ez, ostera, inprimidutako interneteko atzemate legez. Holan lortu nahi dot errealidadea eta fikzinoa bateratzea esangura-maila berean.



Erakusketea

RRSS (Redes Sociales) proiektuan jazoera desbardin biren bateratzea ikertu nahi izan dot. Jazoera horreetako lehenengoa hauxe da: nortasuna eregitea, norbera artista dan neurrian. Postmodernidadearen loratzeagaz, eta zehar-abangoardiak igaro eta gero, artistearen nortasuna, obra, arte-arloa eta abar parentesi artean jarri dira, eta parentesiok oraindino zarratuta dagoz. Fakultadean egindako lehenengo ikasturteetatik, zelan edo halan artearen arlokoak izatea erabagi dogunoi hainbat zalantza sorrarazo deuskuez arlo horretakoa izateak esan nahi dauenari buruz. Zeozelan, artista bihurtzen gara jakin barik zer dan benetan norberaren ibilbidea, eta jakin barik zeintzuk diran egin behar doguzan bideak. Halan da guztiz be, denpora berean erakusten jaku geure buruaren irudi zelan edo halan zehaztua proiektau behar deutsegula arte-arloko ganerako eragileei, zelan diran galeria-jaubeei, museoei, prentseari, beste artista batzuei eta abar. Egia da: prestakuntza-urteetan zehar, zure laneko kontuakaz batera, beste jakite batzuk hartzen dozuz, funtsean, lagungarri izango jatzuzanak zeure obrearen barri emoterakoan eta abar. Ganera, hori identifiketan da, behin unibersidadea amaituta, eta zure arte-ibilbidean hasten zaranean.

Alkarrizketak izaten dira beste artista batzuekaz, galeria-jaubeakaz eta arte-zentroetan egindako egonaldietan; bada alkarrizketa bat, beti agiri dana: zelan urten, zelan zeure burua eta zeure lana ezagutzera emon. Jazoera honek badauka momentu interesgarri bat (eta hemen sartu dot bigarren elementua): bateratzea gizarte-sare izenekoen modeagaz. Gure nortasunaren alderdi barri eta teknologiko honetan, oro har berealdiko interesa pizten daben zenbait mobimentu izaten dira (intimidadea beste persona ezezagun batzuei erakustea, norberaren irudiaren kudeaketea, norberaren egiaztapenen naturaltasuna edo artifiziokeria); bada, horreek bat egiten dabenean lehen esandakoagaz, orduan hareen interesa biderkatu egiten da. Itauna hauxe da: zein irudi proiektetan dabe artistek, galeria-jaubeek, museoetako zuzendariek, arte-kritikariek eta abarrek gizarte-sareen birtualtasunean? Eta zein irudi proiektau leikie daborduko hilda egon eta teknologia barriakaz bizi izan ez ziran artistek?

Horren argigarri izateko otu jat RRSS proiektua. Proiektu honek hainbat margo-pieza ditu, eta eurotan pintetan dodaz artista, galeria-jaube, museoetako zuzendari, arte-kritikari eta nire inguruko gizarteko beste eragile batzuen gizarte-sareen egoerak, hau da, euren facebook eta twitterrera bialdutako esaldiak, ideak, argazkiak, You Tubera igotako bideoak eta abar.



Ana Riaño

Bilbon bizi da eta berton egiten dau lan. 2008an, EHUko Arte Ederren Fakultadean lizentziau zan, eta hainbat lantegi egin ditu Manu Arregui, Dora Salazar, Begoña Zubero eta Imanol Marrodánegaz besteak beste.

Bilbon, bekadun-egoiliarra izan da BilbaoArte fundazinoan, 2011. urtean. Azken urtean zehar Parisko La Cité Internationale des Arts-en erakusketak egin ditu. Haren obrak hainbat aldiz autortu izan ditue, berbarako, Pintura, Eskultura eta Arte Digitaleko Bancaja Nazinoarteko Saria eta Ertibil Bizkaia tarteko dirala. 2014an, Bizkaiko Foru Aldundiaren produkzino-beka bat jaso eban, eta urte berean finalista izan zan Estudio 120 m-n Errioxako Wurth museoan eta Veneziako Premio Internacional Arte Lagunan; hori ez eze, Madrilgo Blanca Soto galeriako Aquí y Ahoran aukeratutakoa izan zan. 2015ean, finalista izan da Obra Abierta Premio internacional de Artes Plásticas Caja de Extremadura 2105ean, Plasentzian, Cáceresen, bai eta Alacanteko Unibersidadeko Museoan (MUAren) Muliers Mulieris deialdian, eta aukeratua izan zan Madrilgo New Galleryko La New Fair-en parte hartzeko. Aurten aukeratua izan da BMW pinturearen 30. sarian be bai.

Aitatutako lekuez gan, haren obrak erakutsi ditue Getxoarte eta Ibilarte ferieta (2009–2010), BilbaoArten, Palacio Almudin kultura-zentroan, Murtzian, IVAMen, Muralla aretoan (2009–2010), Wurth museoan, Errioxan, Eibarko museoan eta Cáceresko Plasentziako Palacio Almudi kultura-zentroan. Nazinoarteko erakusketa batzuk be eginak ditu, besteak beste, Siziliako Palermoko La Gran Vascan, Atenasko Artower Galleryn, El Túnel galerian, Guatemalako urian eta Rozas Botrán fundazinoan, Guatemalan (2014).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu