Lau euskal kirolari lehiatuko dira Brasilen XV. Jojo Paralinpikoetan
2016-09-07 08:50 KultureaRakel Mateo, Asier García, Amador Granados eta Iñigo Llopis triatloian, gurpil-aulkiko saskibaloian, txirrindularitzan eta ugerketan lehiatuko dira, irailaren 7tik 18ra bitartean.
Brasilgo Rio de Janeiro urian jokatuko dira 2016ko irailaren 7tik 18ra bitartean XV. Joko Paralinpikoak, aurreko asteetan Olinpiar Jokoak antolatu diran egoitza eta instalazinoetan, hain zuzen. Danetara, desgaitasun fisiko edo intelektualen bat daben 175 herrialdetako 4.350 kirolari lehiatuko dira, eta horreen artean, lau euskal kirolari: Rakel Mateo (triatloia), Asier García (gurpil-aulkiko saskibaloia), Amador Granados (errepideko eta pistako txirrindularitzea) eta Iñigo Llopis (ugerketea).
Lehiaketeak iraungo dauen 11 egunetan, 528 proba jokatuko dira; horreetatik 264 gizonezko probak izango dira, 226 emakumezko probak, eta 38 proba mistoak. Norgehiagokak 20 egoitzetan antolatuko dira, uriko lau esparrutan banatuta: Barra (12), Deodoro (3), Copacabana (3) eta Maracana (2).
BAT TO RIO 2016ko kirolari paralinpikoak
- Gurpil-aulkiko saskibaloia: Asier García.
- Txirrindularitzea: Amador Granados (Kilometroa, Errepidea eta Taldekako Abiadurea).
- Ugerketea: Iñigo Llopis (50 metro libreak, 100 metro libreak eta 400 metro libreak).
- Triatloia: Rakel Mateo.
Euskal ordezkarien artean, Amador Granados (Andoain, 1967) dogu beteranoena, Rio-koa hirugarren hitzordu paralinpikoa izango baita harentzat, Atenasen (2004) eta Pekinen (2008) lehiatu ondoren (azken honetan Paralinpiadetako orain arteko emoitzarik onena lortu eban: 5. postua erloju kontrako proban). Txirrindulari gipuzkoarrak kilometroko probea jokatuko dau irailaren 10ean, taldekako abiadurearena hilaren 11n, eta errepideko iraupen-proba hilaren 16an eta 17an.
Aurten Bidaideak Bilbao BSR taldeagaz denporaldi aparta egin dauen Asier Garciarentzat (Bilbo, 1981), Rio-koak bigarren Joko Paralinpikoak izango dira. Gurpil-aulkiko saskibaloi partiduak Rioko Arena Carioca 1 eta Arena Olimpica egoitzetan jokatuko dira irailaren 8tik 17ra bitartean.
Azken urteotako ahaleginari eta garaipenei esker, Rakel Mateok (Mungia, 1975) triatloiaren Paralinpiadetako debutean parte hartzea ahalbidetuko deutson txartela eskuratu dau. Hauxe da desgaitasun fisikorik handiena izan baina hanketako mobikortasunari eutsi deutsien atletei jagoken PT2 kategoriako kirol ekitaldirik garrantzitsuena. Paratriatletak irailaren 10ean eta 11n lehiatuko dira Rio-n, taldearen Zuzendaritza Teknikoko espedizino-buru Ángel Aguado eta Zuzendaritza Teknikoaren laguntzaile-lanetan jardungo aduen Joaquín Carrasco aldean dituela.
Rio-n Basque Team-en babespean lehiatuko dan kirolaririk gazteena Iñigo Llopis (Hernani, 1998) ugerlari gipuzkoarra izango da. Dopina dala eta, Kirol Arbitrajeko Auzitegiak (KAA) errusiar kirolariak lehiatik kanpo ixteaa erabagi eban, eta horrek Rio-rako sailkapena erraztu eutson Llopisi, Madeiran jokatutako Europako Txapelketan. Llopisek hiru probatan parte hartuko dau: 50 eta 100 metro libreetan eta banakako 200 metroetan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!