Eskolatik Antzerkira eta Eskola Antzerki Lehiaketea Bilbon arte eszenikoen alde
2016-09-06 12:45 KultureaEkimen biek 22. urteurrena beteko dabe hasierako helburuei eutsiz: arte eszenikoetarako ikus-entzule barriak prestatzea eta txikienen artean antzerkiko sorkuntza lana bultzatzea.
Bilboko Udalak Arte Eszenikoen aldeko apustuari eusten deutso, hezkuntzarako tresna legez, eta ikasturte honetan be aurrera jarraitzen dau Bilbon Eskolatik Antzerkira programeagaz, honezkero ohikoa dan Eskola Antzerki Lehiaketeagaz batera. Ekimen biek 22. urteurrena beteko dabe, hasierako helburuei eutsiz: arte eszenikoetarako ikus-entzule barriak prestatzea eta txikienen artean antzerkiko sorkuntza lana bultzatzea.
Ekimenotan, konpainia profesionalek umeei zuzenduta atondu dituen lanen emonaldiak sartzen dira alde batetik, eta bestetik sorkuntzea bultzatzen da, Bilboko ikastetxe guztientzat zabalik dagozan eta lanak aurrera eroan ahal izateko laguntza ekonomikoa eta aholkularitza profesionala daben antzerki ikastaroen eta lehiaketearen bitartez.
Igaz, Bilbon Eskolatik Antzerkira ekimenaren programazinoari esker, uriko 5.400 ikus-entzule baino gehiagok (28 ikastetxe) hartu-emonak izan zituen arte eszenikoakaz, euskal artista eta konpainiakaz, baina baita Estaduko ganerako lekuetakoakaz be, musikeak eta jantzek euren lekua daben, mueta guztietako gaiak lantzen dituen eta eszenan jartze anitzak erakusten dituen ikuskizunen bitartez. Ikasturte barri honetarako be proposamen barritzaileak izango dira, Kooperarock lako egitasmo kooperatiboakaz edo erabat gozau ahal izateko 3D betaurrekoak eskatzen dituan Logela Multimediaren Barbantxo ikuskizunagaz, adibidez.
Ikasturte berri honetarako 13 emanaldi programau dira, zazpi konpainiaren eskutik. Konpainia horreek Campos Antzokian, Azkuna Zentroko auditorioan eta Otxarkoagako udaltegian eskainiko ditue euren lanak.
Eskolako antzerki denporaldia zemendiaren 8an inaugurauko da, Campos antzokian, Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzenduta egongo dan Madrilgo 300 Pistolas Teatro konpainiaren El perro del hortelano antzezlanagaz –gaztelaniaz izango dan bakarra–. Talde artistiko horrek antzerki klasikoa ikus-entzule barrieakana hurreratzeko erronkea hartu dau beregan, testuaren eta egoeren komikotasunaren aldeko apustua eginez. Ikuskizunak Almagroko Antzerki Klasiko Jaialdiko Epaimahaiaren Sari Berezia jaso eban.
Emonaldietara joateko aukerea eskaintzeaz gan –aurretik ikastetxeek erreserbea egin ondoren–, Bilbon Eskolatik Antzerkira ekimenaren barruan, Kultura Sailak material didaktikoak be jarriko ditu irakasleen esku, taldeakaz lan egin ahal izateko, ikastetxeetan bertan, eta ikus-entzule barrien prestakuntzan aurrera egin ahal izateko.
Antzerki lehiaketea
Kultura Sailak Eskola Antzerki Lehiaketearen edizio barria antolatuko dau 2016/2017 ikasturte honetan. Lehiaketearen helburu nagusia, Arte Eszenikoak ikastetxeetan tresna didaktiko lez erabiltea eta umeen artean Arte Eszenikoak sustatzea da. Holan, egokitutako lanak edo ikasleek eurek sortutakoak aurkeztuko dituen antzerki emonaldien lehiaketea dala esan daiteke. Ondorioz, Bilbon Eskolatik Antzerkira programearen osogarri egokiena da, izan be, ikasleak ikus-entzule izatetik protagonista izatera pasetan baitira.
Irabazten daben taldeentzat dirutan banatuko diran sariez gan, parte hartzen daben ikastetxe guztiek 300 euroko ekarpen ekonomikoa jasoko dabe, ikasturtean zehar egin beharreko muntaketetan laguntzeko. Modalidade bakotxeko (7 guztira) lan irabazleek diploma bat eta 300 euro jasoko ditue, eta, horrezaz gan, euren lana ikus-entzuleen aurrean aurkezteko aukerea izango dabe, Arriaga Antzokian ospatzen dan Eskola Antzerki Jaialdiaren barruan.
Arte eszenikoetan eta adierazpenaren pedagogian adituak diran lagunek osotutako epaimahaiak, besteak beste, alderdi honeek sarituko ditu: lan eszenikorik onena, proposamen eszenikorik bereziena, alderdi teknikoei emondako konponbiderik onena, interpretazinorik onena, partaideen edadearen arabera egindako egokitzapenik onena edo modalidade eszenikoen berreskuratze lanik onena.
Lehiaketan Bilboko ikastetxe guztiek hartu ahal izango dabe parte, Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, DBH-ko eta Batxilergoko ikasleek, 3 eta 17 urte artekoek. Egunotan, programa horreen ganeko informazino guztia jasoko dabe. Igaz, Bilboko 18 ikastetxek hartu eben parte, 36 lan aurkeztuz. Lan horreetan 562 ikaslek hartu eben parte.
Informazino gehiago hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!