'La mentira' eta 'El invencible' Arriagan irailean antzerki denporaldiari ekiteko

Bizkaie! 2016-09-06 10:29   Kulturea

Antzezlan bietarako sarrerak salgai dagoz, 8,50 eta 25 euro bitarteko prezioetan, antzokiaren webgunean, 946 850 850 telefono zenbakian eta antzokiko txarteldegietan, aurreko salmenta ordutegian.

Bilboko Arriaga antzokiak irailean ekingo deutso barriro antzerki denporaldiari eta eszenako izar handiak protagonista izango dituen erabateko estreinaldi bi eskainiko ditu: Carlos Hipólito eta Natalia Millán protagonista dituan La mentira eta Maribel Verdú eta Natalia Verbeke batzen dituan El invencible.

Antzoki bilbotarreko arduradunek nabarmendu dabenez, publikoaren erantzun ezin hobeagaz, Mamma Mia! musikalaren emonaldiek irailaren 10era arte jarraitzen daben bitartean, bete-betean antzerkia ardatz izango dauen programazinoa hasiko da irailean.

Hasteko, denporaldi honetan Pariseko Edouard VII Antzokian estreinau dan eta dagoeneko Pariseko karteldegiko erreferentzia dan Florian Zellerren La mentira izango da irailaren 15etik 18ra bitartean. Claudio Tolcachir zuzendari argentinarrak zuzentzen dauen lanak Carlos Hipólito eta Natalia Millán antzezleak batuko ditu agertokian. Mapi Sagaseta eta Armando del Río aktoreek osotzen dabe La mentira obrako antzezle taldea. Bikote bizitzeari eta bikote bizitza barruko egia eta guzurren ganeko benetako tratatua dan lanaren amaiera harrigarria izango da, adierazo dabe.

Bestalde, irailaren 22tik 25era bitartean, El invencible estreinauko dau Arriaga antzokiak. Maribel Verdú eta Natalia Verbeke antzezleak dira protagonista, eta eurekaz batera Jorge Bosch eta Jorge Calvo be agertzen dira. Torben Betts antzerkigilearen komedia (Jordi Galcerán-ek moldatu dau) azken garaietako gizarte satira interesgarrienetakoa da, eta gizarte eta kultura estatus desbardinetako personen arteko hartu-emonen gordintasuna erakusten dau. Obrearen zuzendaria, barriz, Daniel Veronese zuzendari argentinarra da.



Kontuak kontu, aitatu antzezlan bietarako sarrerak salgai dagoz, 8,50 eta 25 euro bitarteko prezioetan, www.teatroarriaga.com webgunean, 946 850 850 telefono zenbakian eta antzokiko txarteldegietan, aurreko salmenta ordutegian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu