Emile Larre eta Teodoro Hernandorena omenduko ditue aurtengo Xalbador Egunean
2016-09-02 08:34 BertsolaritzeaUrriaren 22an eta 23an ospatuko dabe Xalbador Eguna, Urepeleko bertsolari handia gogoan. Egitarau zabala antolatu dau Deiadarra alkarteak.
Hasikeratik, 2004tik, Xalbador Egunak helburu zehatz bat daukala ziurtatu dabe Deiadarra alkarteko ordezkariek, hau da, Fernando Aire Etxart Xalbador (1920-1976) bertsolari eta artzainak itxitako mezuari bizirik eustea, baita euskal nortasunari be.
Aurten, urriaren 22an eta 23an, egitarau bete-betea antolatu dau Deiadarrak Nafarroa Behereko Urepele herrira doazan guztientzat. Emile Larreri eta Teodoro Hernandorenari egingo jaken omenaldia izango da egitarauaren erdigunea. Joxemari Iriondo kazetari eta ohorezko euskaltzainak egingo dau berba biek egin eben ekarpenaz.
Bertsolaritzearen eta euskal kultureari egindako lanagaitik omenduko ditu Deiadarrak Larre eta Hernandorena. Igaz hil zan Larre, azken hamarkadetako bertsolaritzearen bultzatzaileetako bat Ipar Euskal Herrian. Besteak beste, idazle, bertsolari eta euskaltzaina izan zan.
Teodoro Hernandorena, ostera, Hego Euskal Herrikoa zan, gipuzkoarra, baina berak be lan handia egin eban Iparraldean, euskerearen eta bertsolaritzearen alde. 1936ko gerrearen aurretik politikan eta euskal kulturearen inguruko taldeetan sartu zan eta euskerazko lehenengo irratsaioan parte hartu eban. Gerra ostean Lapurdira ihes egin eta han bizi izan zan. Bertsolaritzea bultzatzen egindako lana gogoan, urtero antolatzen da Hernandorena sariketea haren omenez.
Zapatuan, urriak 22, hasiko da Xalbador Eguneko egitaraua, 18:30ean. Aldudeko antzerki eskolearen emonaldia egongo da eta, ondoren, Kepa Junkera eta Sorginaken kontzertua.
Domekan, hilak 23, goizean goiz hasiko dira ekitaldiak: Lehenik eta behin, Xalbadorren etxolara ibilaldia egingo da, paraje hori eta Urepele ezagutzeko aproposa. Ondoren, mezea egongo da eta 11:15ean Larreri eta Hernandorenari omenaldia egingo deutsie. Eguerdian Bilboko Salbatzaile taldearen jantzak izango dira, baita herri kirolak be. Bazkalostean, umeen txokoa eta bertsolariak: Amets Arzallus, Sebastian Lizaso, Juan Joxe Eizmendi Loidisaletxe eta Jose Luis Gorrotxategi. Eguna biribiltzeko, ttrikitixa doinuek alaituko dabe arratsaldea.
Zapatuko afarian edo domekako bazkarian parte hartu nahi dabenek, aurretik emon behar dabe izena, Deiadarra alkarteak ohartarazo dauenez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!