Hemen dator XI. Una Ria con Duende
2016-09-01 12:53 KultureaIbaiondoko barrutia aire eta erritmo flamenkoz beteko da hamaikagarren urtez jarraian, zapatu honetan, irailaren 3an, Bilboko Udaleko Kultura Sailak antolatutako Una Ría con Duende topaketa flamenkoak hasiko diralako.
Bilboko Udaleko Kultura Sailak antolatutako Una Ría con Duende topaketa flamenkoak ekimenak Bilboko kultur hitzordu nagusien artean finkatzea lortu dau denpora laburrean, konbidautako artisten kalidadearen ondorioz eta emonaldietara eta tailerretara gero eta jente gehiago hurreratzen dalako.
Topaketak 5. barrutiko (Ibaiondo) hainbat eszenatokitan izango dira eta, ohikoa danez, jantza, gitarra, kante eta txalo-konpas tailerrakaz batera, artista entzutetsuen emonaldiak izango dira, amaiera ekitaldian eszenatokira igoko dan Malagako Cambera jantza konpainia adibidez. Azken ekitaldi hori irailaren 24an izango da (20:00etan, Bilborocken). Gazteak izan arren, arte flamenkoa mundu osoan erakutsi daben hamabi artistak osotzen dabe. Ikuskizun hori, programazino osoan pagau beharko dan bakarra izango da (10 euro).
Una Ría con Duende datorren zapatuan, irailaren 3an, hasiko da, arratsaldeko 20:00etan, Tablaoa Kalean atalagaz. Aurreko edizinoan lez, inaugurazino ikuskizun horrek kalera atarako dau flamenkoa, hurreratzen diran guztien gozamenerako. Oraingo honetan, aukeratutako eszenatokia Arenaleko Aterpeak izango dira barriro be, eta lehen emonaldi hori Sandra Calderón kantaoreak eta Marcos Teiraren (gitarra) taldeak eskainiko dabe. Proiektu horren sustraiak flamenko tradizionalean dagoz, gitarra eta kantea hartuz erreferentetzat, baina kontrabaxua eta perkusinoak lako egungo soinuakaz lagunduta. Laukotearen musikea jazzetik eta musika latinoamerikarretatik hur dagozan soinu atmosferetan oinarritzen da, eta Marcos Teira gitarra jolearen jatorrizko konposizino lanetatik errepertorio klasikoko bersino sortzaileetaraino luzatzen da.
Topaketek hemen sortutako flamenkoari be itxiko deutsie lekua, izan be, arte honek gero eta persona gehiago erakarten ditu, jantza eta bestelako musika diziplina eskolen inguruan. Berariaz bertoko flamenkoari eskainitako jardunaldia hurrengo astegoienean, irailaren 10ean, izango da, ordu berean, Bilboko Eleizbarrutiko Museoan. Aitor Escobar gitarra jolea eta bere Origen ikuskizuna izango dira protagonista. Origen proposamenean gitarra flamenkoa, kantea, konpasaren taupadea eta momentu batzuetan jantzea batzen dira, sustraitik oso hur dagoan flamenko tribalean. Escobarregaz batera Leo Treviño (kantea), Alberto Maldonado El Ratón (perkusinoak) eta Askoa Etxebarrieta La Pulga (txaloak, jantzea) igoko dira eszenatokira.
Programazio eszenikoak irailaren 17an jarraituko dau, Bidebarrieta Kulturgunean emongo dan errezitaldi didaktikoagaz, hori be sarrera libreagaz, Miguel Rosendoren taldearen eskutik. Sara Barasen flamenko taldeko ahots nagusi glez egiten dauen lan profesionala baztertu barik, Miguel Rosendok bakarrik bisitauko dau oraingoan Bilbo, Cadizeko bihotzean sortutako bere proiektuaren buru, bere lurreko kante eta jantza enblematikoenetatik egiten dauen ibilbidea eskaintzeko.
Una ría con duende ekimenaren 2016ko edizinoak Bilborock aretoan emongo deutso amaierea bere arte programazinoari irailaren 24an (arratsaldeko 20:00etan), flamenko barriaren ordezkarietako bat dan Cambera jantza flamenko konpainiagaz. Bere azken ikuskizunean, Malagako talde horrek bere kideen ibilbide artistikoetatik bidaiatzeko konbita egiten deutso ikus-entzuleari, flamenkoari buruz dauen ikuspegi personala eskainiz. Horrezaz gan, arte horren geografiatik eta palo eta estilo konposizino anitzetik bidaia egiteko konbita be egiten dau.
Rubén Portilloren zuzendaritzapean, Carmen Camacho eta Sandra Cisneros bailaoreak igoko dira eszenatokira, José Manuel Fernándezek (kantaorea), Chelo Sotok (kantaorea), Rubén Portillok (gitarra), Fran Nuñezek (perkusinoak), Manuel Olmok (zeharkako txirula) eta Arkaitz Mendiak (biola) lagunduta. Hori izango da programazino osoan pagau beharko dan kontzertu bakarra. Sarrerak 10 euroan egongo dira salgai Bilborocken, Power Records dendan, eta www.kulturabarrutik.eus webgunearen bitartez.
Kontzertuez gan, irailaren 12tik hilaren amaierara arte, Ibaialdeko eta San Adriango udal liburutegiek eta BilbaoMusikak arte horregaz lotutako zenbait materialez osotutako bildumea jasoko dau eta, horrezaz gan, liburuak eta musika CD-ak maileguan emongo dira 5. barruti osoa arte flamenkoaz kutsatuz.
Programazioari amaierea emoteko, Ibaialdeko eta San Adriango udal liburutegiek, 6 eta 10 urte arteko umeei (eta euren gurasoei) zuzendutako saio didaktiko bi jasoko ditue, irailaren 27an eta 29an, arratsaldeko 18:00etatik aurrera. Saio horreen helburua, flamenkoaren mundu liluragarrian lehen pausuak emon dituenak gidatzea da: flamenkoaren konpasa, gitarrea jotea eta kantearen magia.
Ohikoa danez, irailean gitarra, txalo eta konpas, kante eta jantza flamenko tailerrak be izango dira San Frantziskoko Udaltegian. Barrikuntza legez, edizino honetan, hasierako eta maila ertaineko tailerrez gan, ibilbide eta esperientzia luzeko irakasleek eskainiko dituen masterclassak programauko dira, tailer horreetan parte hartzen urteak daroezan eta diziplina horreetakoren batean euren prestakuntzan beste pausu bat emon nahi daben personentzat.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!