'Maogaz bizi naz egunero'
2016-08-31 13:43 BidaideRen Zhenlong, iparraldeko Shanxi probintzian jaio zan 1960. urtean eta Txinan zehar dagozan Maoren imitatzaileetako bat da.
Goizeko zazpirak dira eta daborduko Ren Zhenlong-ek zigarroa dauka ezpanetan. Egun osoan 60 bat erretzen ditu. Mao Zedong be erretzaile amorratua zan dino Zhenlong jn.ak irribarrea eta kontrolau ezineko eztula buztartuz. Txinako Herri Errepublikearen sortzaileagazko konparazinoa ez da kapritxo hutsa, izan be, Ren Zhenlong XXI. mendeko Maotzat hartzen da. Gaztetan Bigarren Lemazain deitzen eustien herrian Maogaz neukan antz handiagaitik; 24 urte egin barri aberriaren aita antzeztu neban lehenengoz eta egun Maogaz bizi naz egunero adierazo dau etxean, iparraldeko Taiyuan urian funtzionarioentzako auzoan kokatutako etxe eguzkitsuan bigarren zigarroa biztu dauen bitartean.
Ren, iparraldeko Shanxi probintzian jaio zan 1960. urtean eta Txinan zehar dagozan Maoren imitatzaileetako bat da. Ganerakoakaz konparauta bereizgarri bi dodaz: batetik, antzekotasun fisiko handia eta horri esker ez dot behar makillaje eta uleapaindegi zerbitzurik behar; ez dabil guzurretan, izan be, Maok kokotsean eukan garatxoa berregiteko masilla zati txikia baino ez dau behar eta ulea albo bietara harrotuta orraztu. Bestetik, gehienek egiten daben lez, itxurea, estetikea baino harago joaten naz eta haren filosofia eta nortasuna be interesetan jataz, Mao gizon handia izan zalako adierazo dau.
Horren guztiaren erakusgarri, logelan Maoren ganeko makinatxu bat liburu erakutsi deustaz. Inguruan, hormetan eta, gatxa da bereizten benetako Maoren eta Ren jn.aren argazkiak. Distantzia laburrean, aurrez aurre be arrazoizkoa da dudea. Beraz, ez da harritzekoa kalera buruzagiaren jantzi gris ezagunagaz doanean, jentea zur eta lur geratzea; asko begira geratzen jakoz eta ez dira gitxi eskuko telefonoagaz argazkiak egiten dituenak. Ganera, Maoren keinu ezagunak be oso barruratuta ditu, besteak beste, bularraren pareko txalo biguna eta eskua luzatuta egindako agurra. Maoren gero eta antz handiagoa daukat dino eskuartean hirugarren zigarroa dauela. Sarritan Mao agertzen da nire ameseta eta pentsamenduetan eta edozer gauza egiten dodanean beti jatort burura horixe bera Maok zelan egingo leuken, baita gosaritarako jatetxe gogokoenean youtiao bat, txurro baten antzekoa, jaten dauenean be.
Edozelan be, imitatzaile gehienak negozioaren bila dabizen arren, Ren Zhenlong-en asmoak beste alde batetik doaz. Lider txinatarraren ganeko film labur bat egin dau eta ekitaldi pribatuetan antzezkizun batzuk egiten ditu baina oraingoz ez dau jo telebistaren eta zinemearen mundura. Eta hasarre dabil edo frustrazino txikiagaz. Maorena egin daben izar handiak dagoz liderraren antz gitxi daben arren; Wang Yin da Lemazain Handiaren papela gehien egin dauen aktorea eta makinatxu bat ordu behar ditu makillatzaileagaz, nik, ostera, ule faltsu apur bategaz nahikoa daukat kritikau dau. Arazoa da nik ez daukadala botererik, ezta guanxi-rik be (Kontakturik, lagunik, entxuferik). Askotan beharrezkoa izaten da mahai azpitik kartazala emotea eta nik neuk ez daukat zegaz bete esan dau.
Dana dala, nekazaritza giroko familia umilean jaio zan arren, Ren ez da txarto bizi. Militarra izan zan eta aktore lanak egin zituan bertan; aktore talde bateko manager lanak be egin ditu, kazetari be ibili da eta egun enpresaburu da, sektore desbardinetan negozio aukerak aztertzen dituan Shanxi Garraio Sailak azpikontratauta. Ganorazko pisuan bizi da egungo erosotasun guztiakaz eta iPhone tramankuluak be ez dira falta. Seme-alaba bi ditu eta horreei be ez jake ezer falta, alabea printzesa txikia da, berandura arte lotan egoten dana eta mutila, barriz, argazkilaria da, aitagaz hara eta hona ibilten dana.
Txinako Herri Errepublikearen egungo egoereagaz, barriz, ez dago oso gustora. Herritar gehienen bizi kalidadearen egoereak nabarmen hobera egin dauen arren, Alderdi Komunistea Maoren aginduetatik nabarmen urrundu dala pentsetan dau, batez be, Deng Xiaoping-ek Aberastea gauza handia da esan ebanetik. 'El Capital' testu klasikoan Karl Marx-ek iragarri eban moduan, bost estadu komunista dagozan arren, denporearen porasuz, mundua nahitaez sozialistea izango da. Horregaitik, Txina ekonomia merkatuan sartzea ezin dot onartu. Onena ekonomia planifikatuari eustea izango litzateke nire ustez. Baina onartzen dot Xi Jinping (Egungo presidentea) Maogaz bat datorrela herrialdearen buru edo lider sendo bat eregiteko lanetan eta, horrezaz gan, ustelkeriaren kontra darabilen kanpainea be zuzena dala uste dot.
Txinako gazteriari jagokonez, analisi ezkorra egiten dau. Gazte asko argazkiak eskatzen hurreratzen jakozan arren, burla edo irain kutsua hartzen dau sarri eta Maoren figureagazko errespetu gitxi. 80 eta 90. hamarkadan jaio ziran gehienek ez dakite Mao nor izan zan be eta, horregaitik, nire erantzukizuna da maisu lanak egitea, izan be, gauza onak egin zutuan Txinaren alde, berbarako, Japoniar imperioagaz kateak hausi eta nazino bakararen lehenengo pasuak emon.
Ren-en berbaldiotan kritika txikirik be ez dago hondamendi handia eragin eban liderraren ganean. Alderdi Komunisteak berak onartu egin dau Aurrera Salto Handia eta Kultur Iraultzea akats larriak izan zirala, 30 miloe lagun hil ziran horreetan. Baina imitatzaileak beste batzuei leporatzen deutse erantzukizuna. Jakina, perfekzinorik ez dago baina ez da zentzunezkoa Mao kritiketea, tartean indarkeriaren aldeko hautua beste batzuen esku egon zanean, berbarako, Guardia Gorria taldearen esku. Gaur egun holako arazorik ez daukagu Txina mundu mailako indar militarra dalako eta gure ejerzitoa indartzen jarraitu behar dogulako AEBei aurrea hartzeko.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!