Zeanurin ermitarik ermita, naturea eta kulturea buztartuz
2016-08-31 09:12 KultureaIrailaren 4an, domekan, izango da Zeanuriko Ermiten XXIX. Mendi Martxea.
Urri lehenengoaren 4rako, domekarako, antolatu dau Joko Alai alkarteak Zeanuriko Ermiten Mendi Martxea. Ez dira gitxi herri horretan han-hemenka azaltzen diran ermita edota eleizak, danetara hogei. Dana dala, ibilbide osoa egiten dabenek hemeretziren ingurutik igaroko dira, Egiriñaoko (Gorbeia) Edurretako Amarena kanpoan geratzen da eta.
Ondare erlijiosoa bisitau eta ezagutuz, aldi berean natureagaz hartu-emonetan jarteko aukera parebakoa eskaintzen dabe ibilbidea osotzen daben hogeta hamabost kilometroek. Urtekerea herriko plazan izango da, eguneko lehen argiak kukurruku egiteaz batera, 07:30ean. Oinez hasi eta bost bat minutu geroago Eleizondo auzunean sartuko dira bidaiariak, lehenengo, Piedadea izenaz ezagutzen dan baseleizea aurkituz; oraindino zutunik dagoan Erdi Aroko galtzadearen tarte txikia zapalduz, eta ermitearen eleizpetik igaroz, atoan, Andra Mari parrokiagaz topo egiten da. Eleizea harro azaltzen da, bere kokaera estrategikotik herrigunea kontroletan dauela. Barroko estiloko erretaula ederra gordeten dau bere barruan Andra Marik. Ezin da aitatu barik itxi parrokiaren eta Piedadearen artean dagoan altzairuzko kurutzea, Gorbeiako kurutzearen mendeurrena gogoratzeko 2001ean Nestor Basterretxeak egindakoa.
Eleizondotik ibilbidea Asterria kofradiako lurretan sartzen da, Santi Kurutz baseleizearen bila; Zeanuriko mugen barruan egon arren, eleizaz areatzatarra da. Goranzko bideaan, Ogarabeiti auzotik Ogaragoiti auzora igota, San Andresera heltzen gara. Bideari ekinez, eta Urrekoatxa (582 m.) mendia ezkerrean itxita, Zeanuriren eta Dimaren arteko mugarako norabidea hartzen da San Blasera heltzeko. Mugarrietara begiratuz ermitea Dima partean kokatzen bada be, lurra Zeanuriko Ibarguen Kofradiaren jaubetzea da. San Blasetik aurrera bideak beherantz egin, eta arnasa hartzeko aukerea emoten dau, Altzuste Kofradiako lurretan sartzera daroan aldatzari barriro heldu baino lehen. Altzusten ermita bi dagoz zain: San Migel eta Santa Lutzi. Deigarria da San Migeleko kanpaietako batean irakur daiteken idazkuna: En el ambito donde resuene mi voz no triunfarán los liberales. Dirudienez, intera batean karlistak edo konserbadoreak izan ziran jaun eta jabe paraje honeetan...
240 errepide nazionala kurutzatuz, Undurraga auzunerantz jarraitzen da Bilbo urez horniduten dauen urtegi bukolikoa eskuinaldean itxita. Arratia ibaia zeharkatu ostean, San Pedrori kuku bat egin eta Ipiñabururantz egiten dau bideak, bertan dagoz San Adrian, Santiago eta Santa Ageda.
Bigarren parrokia
San Adrian baseleizatik Santiagora. Azken hau Zeanuriko bigarren parrokia da. Bertako bateo agiriak —Derion, Bizkaiko Eleizearen Historia Artxiboan gordeten diranak— Bizkaiko zaharrenak dira, 1501ekoak hain zuzen be. Santiagotik Santa Agedara eta jarraian Atxondo igaro eta Muñegi aldetik aurrera eginez, estartarik estarta, Zanburuko (789 m.) hatxaren itzalpean jarraitzen da, Altzuako San Juanera heltzeko. Ermita hau XV. mendearen amaierakoa da; hemen egindako indusketa arkeologikoetan epigrafe funerarioa (baseleizearen barruan gordeten da) topau zan honako idazki honegaz: Zeiani c/m suo ger/mani. Laun/ti In cor/pore suo/ +S+N ob/it (...)/O(...) ER/(...)DCC. Zeanuri herriaren izanari buruzko idatzizko lehen aitamenetako bat da; ganera, kontuan izan behar da gaur egun be zeanuriztarrek, aho-hizkuntzan, Zeani izenaz deitzen deutsiela euren herriari.
Altzua kofradiatik Otzerinmendi kofradiara doan pistatik 20 bat minutu ibili ostean, San Justo azaltzen da haresdui zoragarri baten erdian. Ermitatik ehun metrora dagoan karobiak be bisitea merezidu dau: azken hogeta bat urteetan abuztuaren lehenengo asteburuan isiotuten dabe.
Otzerinmenditik plazara
San Justoko haresduia zeharkatuz eta beherantz pare bat kilometro ibili eta gero, San Lontzo azaltzen da. Tradizinoaren arabera, Gorbeiaren bestaldean dagoan Orozko herritik ekarten ei zituen gorpuak hemen lurperatzeko; jazoera honen lekuko Pagoniotzetako andabidea toponimoa da. Errekatxoagaz topau arte aurbeheran jarraitzen da eta errekatxua zeharkatzeagaz batera Uribe kofradian sartzen gara; hiru baseleiza dagoz bertan: San Migel, San Urban eta San Pedro, hirugarren hau Axpeko jauregiaren jaubetza. Dagoeneko ibilbidea azken txanpan sartuko da, eta ibiltariak txiri-txiri zuzenduko dira herriko plazan zain izango daben helmugearen bila. Plazan bertan, San Isidro eta bere aurrez aurre dagoan San Antonio ermiten artetik igaro bezain laster helmugea azaltzen da.
Amaitzerakoan, hogeta hamabost kilometro eroango ditue oinetan parte-hartzaileek, baina seguru hitzorduari erantzuteak mereziduko deutsiela, ondare erlijiosoa ezagutzeaz batera udea udagoien bihurtzen dabilen sasoi honetan natureak erakusten dauen koloreen sinfoniaz gozetako aukera ezin hobea eskainiko deutsielako Zeanuriko Ermiten XXIX. Mendi Martxeak.
Izena emotea:
- Abuztuaren 31 baino lehenago, dirua sartuz BBK-ko kontu-zenbaki honetan: 2095 0335 29 3830586275; Nagusiak 8 € / Joko-Alaiko bazkideak: 4 € /- 14 urtetik beherakoak: 4 €.
- Egun berean: 06:45etik aurrera, herriko plazan: Nagusiak 10 € /Joko-Alaiko bazkideak: 4 €/
14 urtetik beherakoak: 5 €.
- Urtekerea: 7:30ean. Umeen urtekerea: 09:00etan, 13,5 kilometroko ibilbidea egiteko.
- Ibilbideak: Luzea: 35 kilometro; ertaina: 28 kilometro; laburra: 15 kilometro; eta umeena: 13,5 kilometro.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!