Denporea ardatz hartuta dator irailaren 1ean hasiko dan X. GetxoPhoto
2016-08-30 14:28 KultureaGetxoPhotok Irina Werning, Chino Otsuka, Bohnchang Koo, Amit Sha’al, Jérémie Nassif, Amy Friend, Eulalia Abaitua, Carlos Ayesta & Guillaume Bression, Matthew Pillsbury, Rachel Sussman, Manabu Yamanaka, Mark Formanek, Paperezko erlojuak, Kris Sanford, Daesung Lee, Ken Kitano, Ori Gersht, Michael Wesely, Luce Lebart eta Anna Katharina Scheidegger argazkilarien lanak erakutsiko ditu.
Hilebeteko tartean, beraz, urriaren 2ra arte udalerriko kale eta gune publikoak hartuko ditu Getxophotok, Getxoko Nazinoarteko Argazkigintza jaialdiak. 20 erakusketa eta hainbat jarduera programau ditue horren inguruan. Oraingo honetan Denporea izango dau ardatz jaialdiak eta hori zelan erakusten, aditzera emoten eta komuniketan dauen argazkigintzeak. Begihandi alkarteak antolatuta, Udalaren eta hainbat txoko kide, dendari, ostalari eta afizionatuen laguntzino eta babesari esker da posible jaialdia Getxophotoko zuzendari eta komisario Jokin Aspuruk adierazo dauenez.
Aurkezpenean, Koldo Iturbe Kultura zinegotziak nabarmendu dauenez, Getxophoto ekimen zabala da, publiko guztien konplizidade aktiboa bilatzen dauena, ez bakarrik ikusle lez, baita sortzaile lez be, antolatutako hainbat ekitaldien bitartez.
Egitarauari jagokonez, barikuan, hilaren 2an, inaugurazino ekitaldia egingo da Areetan (19:30ean Andres Isasi Musika Eskolan) Opening izeneko ekitaldia; hor proiekzioak eta zuzeneko musikea buztartuko ditue. Dana dala, aurreko egunean, eguenean, hilaren 1ean, Michael Wesely argazkilari alemaniarrak bere lanaren ganeko berbaldia eskainiko dau Ereagako Punta Begoñako Galerietan, 19:00etan.
Frank Kalerok, bere aldetik, masterclass bat eskainiko dau barikuan eta bertan formatu barriak eta ikuspuntu barritzaileak izango ditu ardatz, proiektu desbardinak erakutsiz (10:00-14:00 eta 16:00-18:00).
Zapatuan, hilaren 3an, bisita gidatu berezia egingo dabe (urtekerea 11:30ean, Algortako San Nikolas plazatik). Bertan hartuko dabe parte Jokin Aspuru jaialdiaren komisarioak eta parte hartzen duten hainbat argazkilarik, euren lanaz berba egiteko: Anna Katharina Scheidegger, Michael Wesely, Amy Friend, Jérémie Nassif, Kris Sanford, Daesung Lee, Carlos Ayesta eta Amit Sha’al.
Astegoienean, azkenik, Irina Werning-en Back to the Future izeneko erakusketea bisitau ahal izango da (Zapatuan, hilaren 3an: Kirol Portua-Ereaga-Portu Zaharra; domekan, hilaren 4an: Algortako erdigunea).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!