Rock-and-rollak industria diskografikoaren produkzino eta banaketa-prozesuak aldarazo zituan

Bizkaie! 2016-08-30 13:31   Musikea

Industria diskografiko garaikidearen bilakaerea aztertu dau Gaizka Insunzak, Europako barrikuntza-prozesuen analisi baten bidez.

UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultadeko ikertzaile eta Audience talde gernikarreko kide Gaizka Insunzak ikerketa bat egin dau gaur egungo sektore diskografikoaren dinamika eta jokera nagusiak identifikau eta etorkizunean izan daitekezan egoerak zehazteko, eta, horretarako, hainbat metodologia erabili ditu. Ikerketan, sektoreko izen handiko profesionalek hartu dabe parte, eta ikertzaileak ondorioztatu dau gaur egungo industria diskografikoa konsumo malguago baten eta produkzino-geografia atomizatuago baten menpean dagoala.

Eraldaketa handiak dagoz kultura-industrietan, globalizazinoaren eta IKTen garapenaren (batez be, Internet eta teknologia digitalak) ondorioz. Sektore diskografikoa salmenta-krisian dago 90eko hamarkadearen amaieratik. Musika grabatuaren salmentea gitxitzeko arrazoi nagusiak dira, besteak beste, edukiak trukatzeko plataformak sortzea eta zabaltzea, biniloak eta kaseteak CDakaz ordezteko aldia amaitzea, krisi ekonomikoa, teknologiagaz eta olgeteagaz lotutako beste sektore batzuen lehia eta diskoetxeen estrategia konserbadoreak.

Halan da be, salmenta-krisitik harago, badira beste zenbait aldaketa kualitatibo sektore diskografikoa osotzen daben hainbat alderdiri jagokozanak, adierazo dau Gaizka Insunza UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultadeko ikertzaileak, Europako industria diskografiko garaikidearen barrikuntza-prozesuak aztertu dituan ikertzaileak. Insunzak ikerketa zabala egin dau, hiru fasetan, musika-produkzinoaren, banaketearen eta konsumoaren ezaugarri barrien inguruan, teknologia digitalen eta globalizazinoaren testuinguruan.

Lehenengo fasean, literaturearen barrikuspen bat egin dau ikertzaileak, eta konturatu da orain arte gaiagaz lotutako ikerketa ugari egin dirala baina ikuspegi askotatik. Horren ondotik, industria diskografikoaren barrikuntzako eta aldaketa teknologikoko prozesuak aztertzeko esparru teorikoa zehaztu dau, eta, haren bidez, produktu, prozesu, antolamendu eta marketin-barrikuntzak izan ditu ardatz bere ikerketan (Osloko Eskuliburuan oinarrituta). Azkenik, inkesta bat egin deutse, DELPHI metodologiaren bidez, sektore diskografikoan ibilbide luzea daben 13 profesional adituri (esparru teorikoan zehaztutako arlo guztietakoak).


Paradigma barria eta zoru komuna

Uste dot azken urteetan industria diskografikoaren arloan egin diran lanetako asko batzen dituala nire ikerketeak, adierazo dau Insunzak, eta literaturan hainbat kontraesan igarri dituanez, profesionalakaz berba egin gura izan dot, eretxi akademiko horreek Europako sektore diskografikoan lanean dabizen profesionalen eretxiakaz konparetako. Holan, adostasun garrantzitsuak lortu ditut, eta uste dot zoru komun bat ezarri dodala, lagungarri izango dana etorkizuneko ikerketetan aurrera egiteko, horrenbesteko kontraesanik barik.

Ikertzaileak ondorioztatu dauenez, egile eta erreferentzia bibliografiko gehienakaz bat eginez, argi eta garbi esan daiteke salto kualitatibo bat emon dala musika produzkinoari jagokonez. Uste dot hori paradigma barri baten menpean dagoala. Batetik, produktuaren immaterializazinoa aitatu dau Insunzak, hau da, mp3-agaz aldaketa kualitatibo bat gertatu zan, euskarri fisikoak baztertzean musikearen konsumoa immaterializau egin zalako, azaldu dau. Bestetik, badirudi sare barrietan eta merkaturatze-modu barrietan pisu handia dauela, barriro be, singleak albumaren kaltetan; horrek adierazoten dau musika-konsumoa asko aldatu dala eta malgutasun handiagoa dagoala orain, erantsi dau.

Ganera, ikertzailearen eretxiz, prozesu digitalak asko dagoz aldatzen musikearen prozesu osoa. Produkzinoaren geografia atomizau egin da, eta Major-en menpeko estudio handietatik aldentzen dago. Sarrera-hesiak murriztu egin dira, eta errazagoa da orain eragile barriak sartzea. Testuinguru horretan, informatikako, telekomunikazinoetako eta enpresa barrietako eragile barriak sartu dira musikearen negozioan. Enpresa horreek uste dabe musikeak indar handia dauela sinergiak sortzeko beren produktu eta zerbitzuakaz. Azkenik, paradigma barriak eskaintzen dituan aukerez ganera, Major-ak dira nagusi oraindino be merkatuan, salmentei jagokenez behintzat. Edozelan be, txikitu egin da eskaintzea kontroletako gaitasuna, adierazo dau. Haustura teknologikoek dabe gaitasuna industria diskografikoa aldatzeko, iraganean ikusi izan dan mailatan —adierazo dau Insunzak—. Nire ustez, sormen-hausturek, batzuetan, aldaketak eragin leikiez industria diskografikoan, rock-and-rollagaz 50eko hamarkadan pasau zan lez: orduan, sormenaren arloan izan ziran aldaketak eta horrek eragina izan eban produkzinoan, banaketan eta beste zenbait arlotan. Etorkizunari jagokonez, Insunzaren eretxiz, musika-konsumoa gero eta berehalakoagoa da, musikea gero eta gehiago konsumiduten da beste gauza batzuekaz lotuta, eta, beraz, gero eta bazkide gehiago bilatu behar ditu musikeak; horrenbestez, musikearen arloan jarduten dogun eta musikea gustoko dogun guztiok musikea sortzeko, banatzeko... modu barriak bilatu beharko doguz, bai eta bazkide estrategiko barriak be.


Gaizka Insunza

1978an jaiotako gernikarra, Enpresa Zuzendaritza eta Administrazinoan lizentziaduna da, eta La evolución de la industria discográfica: Un análisis de los procesos de innovación en Europa izeneko doktore-tesia egin dau UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultadeko Ekonomia Aplikatua I Sailean, Mikel Zurbanoren eta Juan Carlos Miguel de Bustosen zuzendaritzapean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu