Juan Gabriel musikari mexikarra bihotzekoak jota hil da 66 urtegaz

Bizkaie! 2016-08-30 10:08   Musikea

Grabazinoaren Akademia Latinoaren arabera, Juan Gabrielek 100 miloe disko baino gehiago saldu ditu munduan zehar, eta 1.500 abesti baino gehiago sortu.

Alberto Aguilera Veladez, Juan Gabriel ezizenez ezaguna Paracuaron (Michoacan) jaio zan, 1950eko urtarrilaren 7an, eta 13 urte zituala sortu eban lehenengo abestia; debuta, barriz, 1965ean egin eban, Noches Rancheras izeneko telebista-saioan.

Gabrielek Mexikoren eta Latinoamerikaren historia markau eben hainbat abesti sortu eta abestu zituan, besteak beste, Se me olvidó otra vez, Con tu amor, Amor eterno eta Así fue.

Mariachia, baladea, rantxerea, popa eta iparraldeko musika estiloak jorratu zituan eta Grabazinoaren Akademia Latinoaren arabera, 100 miloe disko baino gehiago saldu ditu munduan zehar, eta 1.500 abesti baino gehiago sortu.

Abeslari ospetsua zan, baina musikagile eta beste izar batzuen produktore handia be izan zan, berbarako, Lola Beltran mexikarrarena, Paul Anka kanadarrarena eta Rocio Durcal espainiarrarena.

Hil baino ordu batzuk lehenago, Juan Gabrielek kontzertua emon eban Los Angelesen, MeXXico es todo birearen barruan.

Juan Gabrielen heriotzea penagarria da, gure herrialdeko ikono handienetakoa izan da. Doluminak senide eta lagunei, esan dau Enrique Peña Nieto Mexikoko presidenteak Twitter sare sozialaren bidez. Haren musikea ondarea da munduarentzat. Oso goiz joan da. Goian bego, ganeratu eban presidenteak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu