Alberto Zerain arabarrak Manaslu igoteko ahalegina egingo dau
2016-08-30 09:19 KultureaZortzi zortzimilako igonda daukaz Alberto Zerainek eta bederatzigarrenaren bila doa Himalayara. Ondo bidean, urriaren erdi partean heldu nahi dau Manasluko tontorrera.
Manaslu (8.163 m), Zerainen proiektu barriaren ardatza, munduko mendirik altuenetan zortzigarrena da. Gaur abiatzekoa da arabarra Nepalera, urriaren 15aren bueltan tontorrera heltzeko asmoz. Igoera arin eta garbia da Zerainek buruan darabilena, kanpoko ahalik eta laguntzarik txikienagaz.
Mariano Galván argentinarra izango dau bidelagun oraingoan Zerainek. Maiatzean Dhaulagirira (8.165 m) igon eban arabarrak, Juanito Oiarzabalek gidatutako 2x14x8000 proiektuaren barruan, eta espedizino haren azken zatian be bat egin eban Galvánegaz. Biek batera lan eginda, bakarka baino igoera estetikoago bat egin leikeela uste dau Zerainek, eta erronka gogorragoei aurre egiteko aukerea emoten deutsela.
Lehenik eta behin, zortzi eguneko trekking luzea egingo dabe Galvánek eta Zerainek, Burkhi Gandaki ibarretik, 5.135 metroko Larkya leporaino. Ibilbide horri esker, aklimatazinoa egingo dabe. Ondoren, Manasluren Behe Kanpalekura helduko dira, 4.700 metroko altueran. Irailaren 13rako bertan egon nahi dabe.
Behin Behe Kanpalekuan dagozala, Manaslura zein bidetatik igon erabagiko dabe. Aurretik ez dabe plan zehatzik egin, baina bide normaletik igotea da aukera sendoenetako bat, ipar-ekialdeko horman, japoniarrek 1956an zabaldutako bidetik. Bestela, Denis Urubkok eta Sergei Samoilovek 2006an zabaldutako bidea be ez dabe baztertu. Baina azken hori gogorragoa da eta zabaldu zanetik inork ez dau barriro handik igon.
Dana ondo badoa eta eguraldia lagun bada, urriaren 15aren inguruan heldu nahi dabe Zerainek eta Galvánek tontorrera. Helburua lortu ezkero, Zerainen bederatzigarren zortzimilakoa litzateke. 55 urte daukazan arren, sasoi onean ikusten dau bere burua arabarrak eta goi mendiaz disfrutetako gogo handiz dagoala adierazo dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!