Kepa Junkerak eta Xabi Aburruzagak euren proiektu barriak aurkeztuko ditue Folk Getxo Jaialdian

Bizkaie! 2016-08-29 11:12   Musikea

Irailaren 1etik 4ra egingo dan jaialdiak 12 saio eta hainbat jarduera hartuko ditu Areetan eta Erromon.

Irailaren 1etik 4ra Folk Getxo BBK Jaialdiaren 32. ekitaldia izango da. Aurtengo egitarauan Kepa Junkeraren eta Xabi Aburruzagaren azken proiektuak nabarmendu behar dira eta baita Lúnasa talde irlandarraren eta Tiken Jah Fakoly reggae artistearen saioak. Danetara, 12 kontzertu hartuko ditu jaialdiak eta baita kale banden desfileak eta landiketza eta kulturen aniztasuna bultzatzen dituen jarduerak be.

Urtero legez, Areetako Geltokia plazan izango dira saio nagusiak 21:00etan  (domekan, 20:00etan) eta arratsaldeko saioak, plazearen ondoko aparkalekuan, 19:00etan (domekan, 18:00etan). Bertan Munduko Terrazako kontzertuak (23:00etan) zein umeentzako saioa izango dira. Horreez gan, jarduera ugari egongo dira Folk Getxon, esaterako zenbait Gobernuz Kanpoko Erakunderen eta alkarteren postuak batuko dituan Gune Solidarioa, Munduko Eskulanen Azokea, hainbat herritako platerak eskainiko dituan Munduko Terraza eta kale banden desfileak.

Saio nagusiei jagokenez, Kepa Junkerak eta Sorginak taldeak emongo deutsie hasierea Getxo Folk-i. Bilboko musikariak Maletak izeneko lana lehenengoz aurkeztuko dau eta ekitaldira konbidautako zenbait artistak lagunduko deutsie. Bigarren egunean, emonaldi bikotxa izango da; bertan Getxoko The Old Timey String Band taldearen folka, Boli Kostako Tiken Jah Fakoly artistearen reggae soinuak eta eduki sozialeko letrak ekarriko ditu jaialdira eta, azkenik, emonaldi nagusien proposamena zarratzeko, Xabi Aburruzaga trikitilariak Getxon Keltik lan barria aurkeztuko dau, artista ugarik lagunduta:



Arratsaldeko kontzertuetan jaialdiak askotariko eskaintza jasoko dau, besteak beste Entre Orillas taldearen soinu hispaniar-kubatarra, Olga Cerpa eta Mestisay-ren erritmo atlantikoak, Anxo Lorenzoren folk galiziar barria eta Elida Almeidaren ahots aparta. Beste alde batetik, bariku eta zapatuko saio nagusiak amaitu ondoren, Munduaren Terrazak Marinah-ren (Ojos de Brujo taldeko abeslaria) eta Ogun Afrobeat taldearen emonaldiei egingo deutse harrerea. Talde bi horreek Getxora runba, jazz eta latinaren nahasketa bat eta kultura yorubaren soinuak ekarriko ditue, hurranez hurran.

Goizeko emonaldiek musika eskaintzea osotuko dabe; aurten askotariko proposamenak jaso ditue, besteak beste, Ritmos y leyendas del mundo familiarteko jarduera interaktiboa eta Anabel eta piratekin parrandan! umeentzako ikuskizuna, betibe kaleko banden desfile tradizionalak ahaztu barik.

Era berean, ez dira faltako urtero antolatzen diran zenbait ekimen, esate baterako Espazio Solidarioa, Munduko Artisautzen Merkatua, Munduko Terraza eta haren gastronomia eskaintza koloretsua. Horreez gan, jaialdian World Kafe ekimen barria be izango da. Jarduera horreek gobernuz kanpoko erakunde, etorkin-alkarte eta Getxoko Immigrazino eta Kulturartekotasun udal zerbitzuagaz alkarlanean antolatu dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu