Miloe bat lagun baino gehiagok parte hartu dabe Udalaren Aste Nagusiko ekitaldietan

Bizkaie! 2016-08-29 10:02   Kulturea

Kontzertuek arrakasta handia izan dabela dino Bilboko Udalak, jaiak amaitu osteko lehenengo balorazinoan. Alderik ilunena eraso sexistak izan dira.

La Ritirata taldeak martitzenean Gizakunde eleizan emondako kontzertuan leku guztiak bete ziran | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Udalaren programa ofizialeko ekitaldi guztiak kontuan hartuta, 143.000 lagun inguruk parte hartu dabe bataz beste egunero, hau da, Aste Nagusi osoa kontuan hartuta, miloe bat persona baino gehiago. Guztira, dobako 300 ekitaldi baino gehiago izan dira, bederatzi egunez. Jentearen parte-hartze handia izan da aurtengo Aste Nagusiaren programazinoaren ezaugarri nagusia, Udalak azpimarratu dauenez.

Musika kontzertuak izan dira erakargarritasun nagusietako bat, 423.000 entzulegaz. Gente de Zona taldeak abuztuaren 24an Europa parkean emondako kontzertua izan da jentetsuena, 15.000 entzule izan zituan eta. Euskerazkoen artean, Ken Zazpik 7.000 lagun batu zituan Abandoibarran. Era berean, jaigunearen bihotzean, Arenalean, egunero antolatu diran erromeriek 6.000 lagun erakarri ditue egunero, bataz beste. Gizakunde eleizako, Plaza Barriko eta Bilborockeko emonaldiak, egunero-egunero jentez ganezka egon dira, leku guztiak bete arte.

Urtero jente ugari erakarten dauen beste hitzordu bat su artifizialena izan da. Aurten, ganera, eguraldi onak lagundu dau eta, udalaren kalkuluen arabera, 90.000 lagun inguru egon dira gauero zerura begira. Caballer anaien pirotekniak irabazi dau sari nagusia, eguenean botatako su artifizialei esker.

Casilda Iturrizar parkeko Txikiguneko lekua handitu egin dabe eta badirudi horrek bisitariak erakarri dituala. Guztira, 144.000 neska-mutilek parte hartu dabe bertako ekintzetan, igaz baino % 14 gehiagok. Urterik urtera hazten doan eremua da Txikigunea. Horri, umeentzako kale antzerkia gehitu behar jako. Helduentzako eta umeentzako kale antzerki emonaldiak batuta, 47.000 ikusle egon dira Gas eta Arriaga plazetan.

Bilbotarrek eta ingurukoek ez eze, urrunagotik datozan bisitariek be disfrutau dabe Aste Nagusiaz. Bilbao Turismo erakundeak azaldu dauenez, jaietan 21.000 persona joan dira turismo bulegoetara informazino eske eta hotelen okupazinoa % 96koa izan da.

Alderdi negatiboen artean sexu erasoak dira nabarmenenak. Izan be, beste era bateko delituak (lapurretak esaterako), gitxiago izan dira igaz baino. Baina zazpi sexu eraso salatu dira eta hiru lagun atxilotu ditue.

Osasun arloan be, gora egin dau artatu behar izan dituen personen kopuruak, % 8. Intoxikazinoak, zauriak, erredurak eta antzekoak tarteko, 630 lagun atendidu behar izan ditue jaigunean, domekako datuen faltan. Alkoholagaitik edo drogakaitik intoxikautakoen artean, bederatzi adin txikikoak izan dira.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu