Kanpaia saria irabazi dau Hontzak konparseak
2016-08-25 08:54 KultureaBilboko Aste Nagusian dekorazino dotoreena daukan konparseari emoten jako sari hori. Txosnarik txarrenaren Eulia saria, ostera, Moskotarrakek jaso dau.
2007tik emoten ditue Kanpaia eta Eulia sariak Aste Nagusian. Txosna guztietako dekorazinoa ikusi eta gero, konparsakideek eurek emoten dabe botoa, baita parte hartu nahi daben herritar guztiek be. Izenak berak dinoanez, txosna dotoreenaren saria irabazten dauenari kanpai bat emoten jako eta, itsusienari, euli baten irudia. Jaiak amaitu arte txosnan ipinita euki beharko dabe ikurra.
Hontzak konparseak ahalegin handia egiten dau urtero txosnea atontzen. Aurten, esaterako, maiatzean hasi ziran dekorazinoa lantzen. Hauteskunde sistemearen kritika satirikotzat hartu leitekezan elementuak ipini ditue, tartean Madrilgo Diputaduen Kongresuaren maketea. Leloa, hauxe: Miloeka euli ezin dira oker egon, jan eizu kaka. Hontzakekoen arabera, sistema demokratiko liberal burgesari kritikea egin nahi izan deutsie, eta ordezkariak aukeratzeko sistemearen iruzurrari.
Txosnan zintzilik euliak ipini ditue, baina, zer diran gauzak, ez dabe Eulia saria jaso horregaitik, txosna dotoreenaren Kanpaia baino. Hontzakek irabazi dauen laugarren Kanpaia saria da. Hortaz, Eguzkizaleak konparsearen markea bardindu dau Hontzakek, txosna sarituenen sailkapeneko buruan.
Beste alde batetik, Moskotarrak konparseari Eulia saria egokitu jako, konparsakideen eta herritarren botoek holan aginduta. Erromatarren sasoian oinarritutako dekorazinoa aukeratu dabe txosnarako baina, antza, boto emoleei ez jake polita iruditu.
Eulia eta Kanpaia sariak Bilboko Konparsen ekimena da, konparsak zirikatzeko balio dauena. Helburu bi ditu: Txosnen dekorazinoa hobetzea eta jai-eremua atontzeko ahalegina indartzea. Hasikeran, konparsek erabagitzen eben sariak nori emon, asanblean. 2014tik, baina, bozketea egiten da parte hartu nahi daben konparsakide eta herritar guztien artean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!