Oiartzun herri-musikearen erdigune izango da hiru egunez

Bizkaie! 2016-08-24 09:32   Musikea

Gaztelako, Portugalgo eta Euskal Herriko musikariak batuko dira Oiartzungo Soinuenean, irailaren 2tik 4ra, Donostia 2016ren Elkarrizketak egitasmoaren barruan.

Juan Mari Beltran musikolgoa (argazkia: Syntorama) | Ikusi handiago | Argazki originala

Soinuenea guneko arduradun Juan Mari Beltran musikaria da topaketearen bultzatzailea. Valladolideko Joaquín Díaz Zentro Etnografikoko eta Miranda de l Douroko Sons de Terra proiektuko ordezkariak konbidau ditu Oiartzunera. Hiruren artean, Europako herri kulturen arteko alkartrukea bultzatuko dabe, kontzertuen eta berbaldien bidez.

Izan be, hiru parte-hartzaileak lan handia egiten dabilz herri-musikako adierazpideak batzen, ezagutarazoten eta zabaltzen, topaketearen arduradunek azaldu dabenez. Portugal eta Espainiaren arteko mugan dago Miranda de l Douro herria eta ezaugarri kultural bereziak ditu, besteak beste hizkuntza astur-leonesagaz lotutako berbetea. 

Topaketearen lehenengo egunean, Danbolintero europarra, bertokoa eta unibersala izenburuko saioa egingo dabe. Hasteko, danbolinteroen tailerra antolatu dabe, Angelo Arribas mirandesagaz, Alberto Jambrina gaztelarragaz eta Oiartzungo HM Eskolako Aitor Arozenagaz. Ondoren, hiru lurraldeetako doinuak entzun ahal izango dira kontzertu berezi baten, leku bakotxean danbolina zelan joten dan erakusteko.

Irailaren 3an, Urueña, Sendim, Oiartzun, hiru proiektu, hiru historia izeneko mahai-ingurua egingo dabe. Valladolideko, Miranda de l Douroko eta Oiartzungo zentroen lana aztertuko dabe, ideak trukatuko ditue eta leku bakotxeko musika tresnak aurkeztuko ditue. Gauean, musikeak hartuko dau Oiartzungo herria. Lehenengo, kalerik kalekoa egingo dabe eta, ondoren, kontzertua plazan.

Amaitzeko, irailaren 4an, hiru lurraldeetako danbolinak, gaitak, albokak eta abar entzun ahal izango dira Oiartzunen, kalejira baten. Herri bazkari musikatuaren ostean, ganera, jantzan egiteko aukerea egongo da plazan. Topaketea martxan dagoan hiru egunetan, Soinuenea zabalik egongo da eta herritarrentzako bisitaldi gidatuak antolatuko dira. Era berean, herri-musikeagaz lotutako liburuak, kartelak, diskoak, musika tresnak eta abar batzen dituan erakusketea ikusi ahal izango da udaletxean.

Europa mendebaldeko hiru adierazpide kulturalen arteko hartu-emona sendotuko dau, beraz, topaketeak. Antolatzaileek dinoenez, hiru museo, hiru musikari, hiru historia, hiru proiektu eta hiru bizitza izango dira alkarregaz.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu