Euskal idazle batek egonaldia egingo dau Irlandan, Beste Hitzak proiektuaren barruan

Bizkaie! 2016-08-23 08:48   Kulturea

Donostia 2016k eta Donostia Kulturak deialdia zabaldu dabe, Irlandan zortzi asteko egonaldia egiteko. Beste Hitzak egitasmoaren lehenengo edizinoan Eslovenian izan zan Ekaitz Goienetxea.

Argazkia: Beste Hitzak | Ikusi handiago | Argazki originala

Beste Hitzak-Other Words ekimena, Europako hizkuntza txiki edo gitxituen arteko literatura sarea da. Euskal literaturea ez eze, Irlandakoa, Mazedoniakoa, Esloveniakoa eta Frisiakoa dagoz proiektuan. Alkar trukea bultzatu eta alkarrengandik ikasteko helburuagaz, egonaldiak egiten ditue idazleek beste herrialde batzuetan. Lehenengo deialdian, udabarrian, Ekaitz Goienetxea Eslovenian izan zan.

Orain, bigarren deialdia egin dabe antolatzaileek. Aukeratutako euskal idazleak zortzi asteko egonaldia egingo dau Irlandan, urriaren 17tik abenduaren 12ra. Parte hartu nahi daben idazleek irailaren 17ra arteko epea daukie izena emoteko.

Euskeraz idatzitako proiektu literarioak onartuko dira deialdian. Egitasmo hori zortzi astean idatzi ahal izateko modukoa izango da. Fikzinoa, poesia, saiakerea, nobela grafikoa, kritika literarioa, biografia/autobiografia garaikidea, gidoiak eta antzezlanak proponidu leitekez. Egonaldian sortzen dan testua ingelesera eta Beste Hitzak egitasmoko hizkuntzetara itzuliko da. Webgunean zein papelean zabalduko da.

Egitasmoko arduradunek azaldu dabenez, Beste Hitzaki esker, hizkuntza gitxitu eta txikietako literaturak euren mugetatik kanpo ezagutarazoteko bidea zabaltzen da. Holan, hizkuntza aniztasunaren balioa eta itzulpegintzearen beharra nabarmentzen dira. Euskal Herriaren partetik, Donostia 2016 eta Donostia Kultura dira arduradunak, baina beste eragile batzuen laguntzinoa daukie, adibidez Euskal Idazleen Alkartearena.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu