Laosek duintasuna berreskuratu dau
2016-08-22 11:00 BidaideProstituzinoaren eta drogen topaleku bihurtu zan Laoseko Vang Vieng herri txikia baina, zorionez, iraganeko kontua da hori.
Esan daigun garbi: Itxikeriaren erruz, prostituzinoaren eta drogen topaleku bihurtu zan Laoseko Vang Vieng herri txikia. Vientiane uriburutik hurreko herri hori, 1990eko hamarkadan motxilero hippyek ezagun egindakoa, Magaluf arriskutsu baten tankerakoa izatera pasau zan. Gero eta debeku gehiago ezarten zituan Tailandiaren muturreko alternatibea bihurtu zan. Bertako lau kaleetan edo ibaian, 2011n, gitxienez 27 turista hil ziran, eta beste asko zauritu ziran edo osasun arazoak izan zituen drogak konsumiduteagaitik. Amesgaiztoak ohikoak ziran: Lapurretak, abusuak eta ondo amaitzen ez ziran parrandak.
Ez, Vang Viengera ez gara etorten kultureagaitik, tenpluakaitik eta holakoakaitik, ziurtatu eban 19 urteko turista australiar batek, The Guardian egunkari britainiarrak 2012an argitaratutako erreportaje baten. Desfasera etorten gara hona, ganeratu eban. Ez ziran hareek gehiegizko berbak. Alkohola, perretxiko aluzinogenoak eta baita opioa be, merkeak ziran eta edozein tabernazulotan erosteko moduan egozan. Gero eta sofistikatuagoak ziran lokal hareek, Ingalaterrako Premier League ikusteko plasmazko pantaila eta guzti, eta minigonadun neskatoak erakarteko prest, gero hareen gorputzakaz negozioa egiteko asmoz.
Baina orain, Vang Viengek duintasuna berreskuratu dau. Gobernuak aurre egin deutso turismo klase horrek sortzen izan dauen etekin ilunari eta ukabilkadea jo dau mahai ganean. Oraindino gauza asko lortu leitekez mahaiaren azpitik sobrea emonda, baina apurka-apurka legeak indarra hartu dau. Leku estrategikoan dago herria, uriburua Luang Prabang-egaz, herrialdeko gune turistikoenagaz, lortzen dauen Route 13 errepidean, eta paraje natural ikusgarri batek emoten deutsan enkantua berreskuratzen hasi da. Duda barik, oso leku gitxik daukie atzean halako ikuspegi atsegina eta horren ingurune natural parebakoa.
Vang Viengera heltzean, deigarriena hatxak dira, espeleologia errazaren erakargarritasun nagusi bihurtutako kobazuloak daukiezanak. Horreetako batzuetan, bisitariak esploratzaileen pare sentidu leitekez, ia-ia inork ikutu barik dagoz eta. Horrek arriskutsu be egiten ditu eta horregaitik komenidu da kobazuloetako bazter guztiak ezagutzen dituan bertako gidaren bat kontratetea.
Edozein kasutan, Txinako inbaditzaileei aurre egiteko bunker natural izan ziran 19. mendean hareetako batzuk, adibidez Tham Pha Puak eta Tham Jang, eta han badago turistentzako azpiegiturea. Duda barik, kirola egiteko eta formazino karstikoek sortutako paisajeak disfrutetako leku ederra dira, baita arroz landaketaz betetako lautadak ikusteko be. Ganera, ornitologoen zorionerako, hegazti tropikal batzuk ikusteko erea be badago.
Mendiak ez badira bisitariaren gustuko aukerea, egun polita pasetako beste leku batzuk be badagoz. Vang Viengeko denporapasa ohikoenetako bat, betidanik, tubing-a izan da -flotadore biribil baten edo errobera baten ganean ibaian behera bajatzea-. Nam Song ibaiko lau kilometroko tarte bat horretarako beren-beregi egokituta dago. Hori bai, zentzuna erabili behar da: Uger egiten dakienak baino ez sartzea komendidu da, ahal dala oso edanda ez dagozanean. Ibai horretan hildako atzerritar askok, hain zuzen, larregizko konfiantza eukien flotadoreagan, edo mozkortuta sartu ziran.
Zorionez, horreek iraganeko eszenak dira. Orain, Vang Viengek kalidade handiagoko turismoari ondo etorria egin deutso, tartean erlajazino bila doazan bikoteei eta ume txikidun familiei. Tailandiako uharteetan dagozanen antzeko hotel barriek, arroz soloen ganean eregitako egurrezko bungalowei esker, hondartza-turismoaren antzeko esperientzia eskaintzen deutsie bisitariei, kostalderik ez daukan herrialde baten. Vang Vieng Tara hotela da establezimendu barri horreetako bat. Ez da oso garestia eta eskaintza atsegina dauka: Bertako nekazariek landutako arroz soloen ganean, itsaso berde edo urrezko horren ganeko pasabideakaz konektauta dagoz egurrezko bungalowak. Arratsaldean, argiak biztuten diranean, ikuspegia harrigarria da. Arazo bakarra eltxoak dira.
Kirolaz eta kontenplazinoaz gan, Vang Viengen gitxiengo etnikoen herrietarako ibilaldiak be antolatzen dira, uritik ez oso urrun. Bizikleta bat edo tuk-tuk bat -taxi erako hiru erroberadun ibilgailu motorduna- alokatzea nahikoa da, uriaren erdigunearen eta herritxu tipikoen arteko 20 kilometroak egiteko. Eta, arkitektura atsegin dabenentzat, Vang Viengeko barrutian bertan dagoz 16. eta 17. mendeko tenplu budista batzuk, nabarmenenak Wat Si Vieng Song eta Wat Sung.
Horrenbestez, ziurtatu leiteke uri gitxik lortu dabela turismo kaltegarria horren era eraginkorrean alboratzea. Askorentzat eredu da Vang Vieng, baina enpresari batzuk kexatu egin dira. Anonimotasunetik berba egiten dauen batek dino, lehen tabernek etekin handiagoa emoten ebela, eta eredu turistiko barriak oraindino ez dauela emoten lehengo ereduak beste, turistek konbinaduak baldekadaka, modu literalean, edaten zitueneko ha. Turismotik bizi ez diran herritarrek, ostera, eskertu egiten dabe aldaketea. Jente konserbadorea gara eta gure sinismenak sarri ez dira kontuan hartu. Ezin genduan bainu bat hartu edo gure umeek ezin ziran iluntzean kaletik bakarrik ibili, gogoratu dau tailer mekaniko txiki bateko jaubeak. Orain gure etxea berreskuratu dogu.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!