Balearen desfilea eta herri kirolak, Aste Nagusiko protagonista

Bizkaie! 2016-08-18 08:34   Kulturea

Abuztuaren 21ean Bizkaiko baleazaleak omenduko ditue Bilboko kaleetan. Herri kirol erakustaldiak, ostera, hilaren 25, 26 eta 27an egongo dira, eguerdian.

Herri kirolariak eta Udaleko ordezkariak, egitarauaren aurkezpenean | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilbao 700 Fundazinoak antolatzen dau urtero Balearen desfilea Bilboko Aste Nagusian. Aurtengo edizinoak badakarz nobedade batzuk. Esate baterako, balearen arrantzan ezinbestekoak ziran pertsonaiak ekarriko ditue Bilbora: Talaieroa, arpoilaria...

Domekan, abuztuak 21, 19:00etan hasiko da desfilea, Bilboko Kale Nagusian. Kamioi bi izango dira desfilearen buru eta atzetik etorriko dira Trokoblokoren perkusinoa, zortzi arpoilari eta talaieroa. Ondoren, balearen txandea izango da, 12 metroko puzgarria. Ura botetan deutse ikusleei Aste Nagusiko pertsonaia maitatuenetako bat bihurtu dan balea horrek.

Balearen atzetik, Musikene Big Bandeko musikariek alaituko dabe giroa eta olagarroaren puzgarria pasauko da gero, konfetia botaten. Trapak, antxinako baleen irudikapenak, zetazeoen arbasoak zelakoak ziran erakusteko balioko dau eta bisigua, txangurrua eta globo-arrainak be ez dira faltauko. Sama Siku fanfarrea joango da desfilearen atzeko aldean. Umeen desioak jasoko ditue kataleju-arrainek amaieran: Desfilearen hasikeran banatuko jakez katalejuak umeei eta, euren desioa bertan idatzi eta gero, arrain berezi horreetan hartuko ditue desio guztiak.

Aurtengo desfileak behinolako baleazale bizkaitarrei omenaldia egingo deutse. Sasoi baten, balea harrapatzeko portu garrantzitsuak ziran Bizkaikoak eta holan erakusten dabe bertako armarriek. Plentzia, Bermeo, Lekeitio eta Ondarroa dira nabarmenenak.

Beste alde batetik, urteroko ohitureari segiduta, herri kirol lehiaketak eta erakustaldiak izango dira Aste Nagusian Arenalean, eguerdiko 12:00etan. Joko ikusgarriak dira herri kirolak, eta euskal kulturearen parte, horregaitik uste dau Bilboko Udalak egitarauan ezinbestekoak dirala.

Harri-jasotzaileak, aizkolariak eta harri-zulatzaileak ekarriko ditue aurten, besteak beste. Abuztuaren 25ean, Urrezko Aizkorearen ligako sailkapen saioa jokatuko dabe Aitzol Atutxak eta Iker Vicentek. Ganera, Inaxio Perurena harri-jasotzailearen erakustaldia eratu dabe, baita txinga eroate saioa be.

Hilaren 26an, bikotekako gizon probak eta harri-jasotzaileak izango dira. Inhar Urruzuno Ondarroako gaztea eta Mikel Lopategi oriotarra konbidau ditue saiora. Aizkolari bik, Irati Astondoak eta Alazne Etxaburuak desafioa jokatuko dabe eta Idoia Etxebarriak erakustaldia egingo dau. Domekan, harri-zulatzaleen ligako saioa jokatuko da.

Josune Ariztondo, Bilbao 700 Fundazinoko presidentea, Balearen desfilearen kartela alboan dauela

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu