Bilbok erasoen kontrako konpromisoa berretsi dau

Bizkaie! 2025-08-13 13:17   Kulturea

Errespetu Nagusia goiburupean.

Erasoen kontrako udal estrategiak protagonismo berezia dauka eta, aurton be, Errespetu Nagusia izango dau izena.

Kanpainea adierazpen irmo eta kolektiboa da, eta Aste Nagusian zehar Bilbo, uri konprometidua eta eraso matxista, arrazista eta LGTBIQ fobikorik bakoa izateari buruzko mezua indartzen dau. Holan adierazo dabe Juan Mari Aburto alkateak eta Itziar Urtasun Bardintasun eta Jaietako zinegotziak estrategiaren aurkezpenean. Txupina botatzeko unean eta Marijaia Arriaga Antzokiko balkoian lehen aldiz agertzean aktibauko da estrategia.

Antzokiko hallean, adierazo dira gaur goizean, hilak 13, jaietan zehar erasoak prebeniduteko eta desagerrarazoteko egingo diran lerro estrategikoak eta dispositiboaren koordinazino-lanak. Ekitaldian zehar, Bilboko alkateak azpimarratu dau garrantzitsua dala Bilboko jaien eredua indartzen jarraitzea espazio libre eta seguru bezela: Bilboko jaien eredua bakana, edegia, bardinzalea eta librea da. Holan, babestu egingo dugu. Errespeturik gabe, ez dago jairik. Aste Nagusia munduan bakarra izaten jarraitzea nahi badogu, frogau egin behar da. Gure jarrereaz, erantzukizunaz eta alkarlanaz. Udalak aliatuak topetan ditu (personak nahiz kolektiboak), askatasunaren kontra sortzen dabizen erreakzinoei aurre egiteko.

Itziar Urtasun Bardintasun eta Jaietako zinegotziak, gazteenei esan deutse, eta, batez be, mutilei: ez dogula zuen konplizidadea nahi, ezta zuen isiltasuna be. Zuen ausardia nahi dogu. Zuzena ez dan zerbait ikusten dozuenean, hori ondo ez dagoala esatea. Jakin badakigu gizon gazte eta heldu batzuek uste dabela feminismoa euren kontra doala. Baina feminismoa ez doa inoren kontra.

Aurkezpenean parte hartu dabe, era berean, Bilboko Konpartsakeko kideek, Amaia Arregi Segurtasuneko zinegotziak, Juan Ibarretxe Gizarte Ekintzako zinegotziak, Udalbatzako beste ordezkari batzuek, eta uriko eragile sozial eta kulturalek.

Errespetu Nagusia Aste Nagusian

Bilboko Udalak erasoen kontrako sensibilizazino eta prebentzino-kanpaina instituzionala jarri dau martxan 2025eko Aste Nagusian. Errespetu Nagusia lelopean, Udalak mezu argia eta zuzena errepikatzen dau, izan be, errespetua da jaiez askatasunez eta beldurrik gabe disfrutetako balio funtsezkoena.

Aurton, konpromisoa indartuko da, batez be, indarkeria matxistak prebeniduteko eta arrazakeriaren eta LGTBIQ fobiaren kontra burrukatzeko konpromisoa, eta indarkeria horreen euskarri diran portaera normalizatuei jarriko jake arretea.

Irudiak abuztuaren hasieratik edegi dira uriko kaleetan jarritako publizidade-euskarrietan. Hemendik aurrera, puntu estrategikoetan presentzia indartuko da, BBKk jarritako lau metroko altuerako totem bi ipinita, Udaletxeko Zubian eta Etxebarria parkeko erakustazokan. Beste euskarri mueta bat jarriko da Geltoki Intermodalaren inguruan, Indautxu Plazan, Plaza Biribilean eta Uribitarte pasealekuan.

Jaietan, urian zehar banatutako pantailen bidez sustatuko da kanpainea, kontzertuen agertokietan eta turismo-bulegoetan, garraiobideetan, eta Bilbobusen eta MetroBilbaoren geltokietan. 

Biktimei laguntzeko telefonoak

Eranskailu batzuk diseinau dira, sakeleko telefonoren atzealdean eta komun publikoetan jartzeko, arretea behar izanez gero edo erasoak salatu behar izanez gero erabilgarri dagozen telefono-zenbakiak erraz eta azkar ikusteko:

  • Udaltzaingoa eta Larrialdiak: 092 eta 112.
  • Gizarte Larrialdietarako Udal Zerbitzua: 94 470 14 60.
  • Bardintasuneko eta Jaietako Saila: 94 420 48 38.
  • Giza Eskubide, Bizikidetza, Lankidetzea eta Kulturartekotasun Saila: 94 420 48 07.
  • Sexu-indarkeriaren biktimei arreta integrala emoteko zerbitzua, sexu-indarkeriaren biktima diran emakumeentzat: 900 840 977.

Informazino gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu