Bilboko Orkestra Sinfonikoak bost kontzertu emongo ditu Bizkaian

Bizkaie! 2016-08-12 09:47   Kulturea

Plentzian, Lekeition, Gorlizen, Getxon eta Santurtzin joko dau Bilboko Orkestra Sinfonikoak udan. Lehenengo emonaldia gaur, abuztuak 12.

Bizkaiko beste herri batzuetara Orkestra Sinfonikoaren doinuak eroateko asmoz antolatzen dabe urtero Kontzertuak Bizkaian zikloa, Foru Aldundiaren babesagaz. Aurten, bost hitzordu izango ditu bira horrek, abuztuaren 12tik irailaren 9ra.

Lehenengo emonaldia abuztuaren 12an izango da, Plentziako Santa Maria Magdalena eleizan, arratsaldeko 20:30ean. Bigarren hitzordua hilaren 13an izango da, Lekeitioko Andra Mari parrokian (22:00) eta hirugarrena, domekan, abuztuak 14, Gorlizen, Andra Mari Sortzez Garbiaren eleizan (20:00). Zikloko azken kontzertu biak irailean etorriko dira: Hil horren 7an Getxon eta 9an Santurtzin.

Bilboko egoitzako ohiko egutegiko hitzorduakaz tartekatzen ditu ziklo honetako emonaldiak Orkestra Sinfonikoak. Sortu zanetik, Kontzertuak Bizkaian ekimenak harrera ona izan dau, bai publikoaren aldetik eta baita udalen interesaren aldetik be. Horregaitik, urteroko hitzordu bihurtu da.

Orkestra osoaren formatuan, bakarlari eta zuzendari gazteakaz, izaten dira emonaldiak. 2016ko zikloan, Jon Malaxetxebarria izango da zuzendari nagusia eta Gonzalo Martin bakarlaria arduratuko da biolea joteaz.

Bertoko eta kanpoko autoreen piezak ditu aurtengo abuztuko errepertorioak. Batetik, Juan Crisostomo Arriagaren Esklabo alaiak obrako Oberturea joko dabe, Parisko bersinoan. Bestetik, Franz Anton Hoffmeister-en Kontzertua biola eta orkestrarako re maiorrean eta Felix Mendelssohn-en 4. sinfonia la maiorrean. Iraileko emonaldietarako programazinoa aldatzeko asmoa daukiela dinoe orkestrako arduradunek. Kontzertuetara doban sartu leiteke.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu