Eraso bako jaiak aldarrikatu ditue Gernikan eta Bilbon

Bizkaie! 2016-08-11 12:26   Kulturea

Gernikako Andra Mari eta San Roke jaietan prebentzino kanpainea martxan ipiniko dabe. Aste Nagusiko konparsek, bestetik, eremu aske izentau dabe jai gunea.

Bilboko Konparsetako kideen agerraldia | Ikusi handiago | Argazki originala

Gernika-Lumoko Drogomenpekotasunen Prebentzinorako eta Bardintasunerako udal zerbitzuek eta Gazte Informazino Bulegoak bat egin dabe, uriko jaietan kontzientziazinoa zabaltzeko. Bosgarren urtez, informazino gunea ipiniko dabe Saraspe plazan, indarkeria sexistearen ganeko argibideak emoteko. Ezetz ba! leloa daroen eskuorriak banatuko dira jaigunera doazanen artean.

Ganera, drogen konsumoaren eragin negatiboen ganeko kanpainea be martxan ipiniko dabe Gernikako jaietan. Karpa bat ipiniko da, drogen ondorioen eta kalidadearen ganeko informazinoa zabaltzeko, eta hainbat euskarritan ipiniko dabe kanpainearen leloa: Ondo pasa, pasa barik

Bilbon be, jai herrikoi, parte-hartzaile eta parekideen aldeko deia egin dabe. Konparsa guztietako ordezkariak jentaurrean agertu dira, aurtengo Aste Nagusirako egindako lana aurkezteko. Erronka nagusia, jaiak eraso bako gune izan daitezala, konparsetako ordezkariek adierazo dabenez.

Gaur bertan hasi dira Arenalaren inguruetan konparsen txosnak ipinten, abuztuaren 20an hasiko dan Aste Nagusirako. Montatze lanei ekiteko unean, mezu sinboliko indartsu bat zabaldu nahi izan dabe konparsakideek: Erasorik ez dabela nahi jaietan, giro lasaia eta segurua baino. Zu, erasotzaile, Aste Nagusian sobera zagoz!, aldarrikatu dabe.

Persona guztiek, edozein dala euren sexua edo sexu-identidadea, lekua daukie Aste Nagusian, azaldu dabe konparsakideek, jai herrikoi, parte-hartzaile, euskaldun eta parekideen alde lan egiten dogu urte guztian eta Aste Nagusia horren erakusle izatea nahi dogu.

Jaietako giroa eta jente pilaketak aprobetxauta, eraso sexistak modu askotakoak izaten dirala ohartarazo dabe Bilboko Konparsek: komentario lizunak, eperdia ikutzea, nahi bako musuak emotea... Guztion ardurea da horri aurre egitea. Ez erasotu eta ez izan konplize!, dinoe.

Konparsek konpromisoa hartu dabe holako gertakariei sendo erantzuteko, babes sareak eratzea ezinbestekotzat joten dabe eta. Asteotan trebakuntza-saioak egiten dabilz konparsakide asko. Protokolo bat be adostu dabe, sexu erasoak jazoten diranean zer egin jakiteko.

Amaitzeko, abuztuaren 19an, auzolan berezia egingo dabe Arenalean eta Zazpi Kaleetan. Pankarta, kartel eta bestelako euskarriak banatuko ditue txosnetan eta tabernetan , eraso sexisten aurkako gune dirala adierazoteko. Jai gunea eremu askea dala erakutsi nahi dabe konparsek modu horretara.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu