Gernikak desfile baten aurkeztuko dau Gargantua barria
2016-08-10 08:39 KultureaAurrekoa 1937ko bonbardaketan erre zan. Abuztuaren 12an, barikua, 1915ean egindako desfilearen antzeko ikuskizuna antolatu dau Udalak, Gargantua barria erakusteko.
Uriko pertsonaia herrikoietako bat da Gargantua. Gernika-Lumoko Udalaren agirien arabera, 1915ean bazan Gargantua bat urian, beste hiru erraldoi bikotegaz, lau buruhandigaz eta zaldiko bigaz batera. 1937ko apirilaren 26an, Gernikako bonbardeo ezagunean, erre egin ziran guztiak.
Irungo Garate Anaien tailerra arduratu da 21. mendeko Gargantua barria egiteaz. Erroberadun plataforma baten ganean doan 4,5 metroko figurea da. Ume bat ahotik sartzen jakon bakotxean, begiak eta ahoa zarratzeko mekanismoa dauka. Argia eta soinua be baditu eta alkondara gorri bategaz jantzi dabe, Gernika-Lumoko uriaren kolorea hori da eta.
Gargantuaren pertsonaia 16. mendeko ipuin baten oinarrituta dagoala dirudi. Umeen entretenimendurako figura handi moduan, 19. mendean agertu zan eta euskal tradizinoari lotuta geratu zan harrezkero. 1854koa da lehenengo Gargantua, Bilbokoa. Gaur egun, hamaika Gargantua dagoz munduan, tartean Argentinako bi.
Gernika-Lumoko Udalak ekitaldi berezia preparau dau Gargantua barria herritarrei aurkezteko. Hilaren 12an, barikuan, desfilea egingo dau uriko kaleetatik, Foruen Plazan 19:30etan hasita. Ibilbide hori 1915ean egindako desfile baten oinarrituta dago. Orduko haretan be, orain dala 101 urte, Gargantua izan zan protagonista nagusia.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!