Folklore Jaialdia, Erraldoikadea eta herriko taldeen urteurrenak, asteotan Bermeon

Bizkaie! 2016-08-09 12:50   Kulturea

Abuztuaren 13an egingo da 30. Folklore Jaialdia. Bestetik, Bermeoko Abesbatzaren, Alkartasuna jantza taldearen eta Erraldoien Konparsearen urteurrenak ospatuko ditue irailaren 3ko ekitaldian.

Bermeoko Udaleko eta herriko taldeetako ordezkariak, ekitaldien aurkezpenean | Ikusi handiago | Argazki originala

Bermeoko hiru ekitaldi kultural aurkeztu ditue. Batetik, Folklore Jaialdia, ondo finkatutako hitzordua, aurten 30. urteurrena beteko dau eta. Bestetik, erraldoien erakustaldia eta, amaitzeko, Bermeoko hiru alkarte kultural omentzeko ikuskizuna.

Lehenik eta behin, Nazinoarteko Folkore Jaialdiaren txandea izango da, abuztuaren 13an, gaueko 22:00etan, Artza frontoian. Ibizako Colla Puig d´en Valls, Galiziako Grupo Etnográfico Das Mariñas eta Turkiako Erguvan Ensemble taldeak konbidau ditu aurtengoan Alkartasuna jantza taldeak.

Euskal folkloretik aparte, atzerriko folklorea erakustea da helburua, dino Gaizka San Pedro Alkartasunako kideak. Gure herriko jantzariek beste herrialde batzuetakoakaz egoteko aukerea daukie, alkar ezagutzea bultzatzen da.

Alkartasuna jantza taldekoen esanetan, 30 urteko ibilbidean, Folklore Jaialdiak Bermeoko izenaren eta euskal folklorearen barri zabaldu dau mundu guztian. Izan be, Indonesia, Polonia, Grezia, Frantzia, Espainia, Portugal, Hungaria, Italia, Siberia, Txekia, Txile, Mexiko, Kolonbia, Argentina eta Martinikako taldeak ekarri ditue herrira. Udako ezinbesteko ekitaldi bihurtu da, adierazo dau Idurre Bideguren Bermeoko alkateak.

Beste alde batetik, irailaren 3an, Erraldoikadea eta ekitaldi berezia antolatu ditue, Bermio dalako gure mundue lelopean. Arratsaldean Erraldoikadea egingo dabe, bost konparsa bertan dirala: Deustuko Ondalan, Santurtziko Mendialde, Donostiako Irrintzi, Iruñeko Sanduzelai eta Bermeoko konparsea. Anton, Josefin, Lorentzo eta Mari, Bermeoko lau erraldoiak, beraz, herriko kaleetan ibiliko dira.

Konparsa bakotxak Bermeoko alde zaharreko leku batetik urtengo dau, 17:30etan, eta kalerik kale ibiliko dira erraldoiak. Goiko Plazan bost taldeak batu eta Lameran eta portuan ibiliko dira. Giro bikaina sortuko dala ziurtatu dau Joseba Batiz Bermeoko konparsako kideak.

Gaueko 22:00etan hasiko da, Artza frontoian, eguneko beste ekitaldia, Bermio dalako gure mundue ikuskizuna. Bermeoko Abesbatzak 60 urte bete ditu, Alkartasuna jantza taldeak 40 eta Erraldoien Konparseak, 10. Horregaitik, horreek hiru alkarteak omendu nahi ditue ekitaldi berezi horretan. Talde bakotxak bere aldetik egin ditu ekitaldi batzuk, baina alkarregaz be ospatu gura izan dabe, azaldu dau Aingeru Astui zinegotziak.

Sorpesaz betetako ikuskizuna izango dala aurreratu dabe antolatzaileek eta, horrenbestez, bermeotar guztiei joateko deia egin deutsie. Sarrerak hiru euroan salduko ditue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu