Esne Beltza eta La Pulqueria izango dira Sopela Kosta Festeko kartelburuak

Bizkaie! 2016-08-09 08:47   Kulturea

Irailaren 22tik 25era egingo da 3. Sopela Kosta Fest jaialdia. Betiko legez, hiru oinarri izango ditu: Naturea, surfa eta musikea.

Sopelako Udalak azaldu dauenez, Udaletxearen Plazako oholtzan bederatzi musika-talde eta DJ egongo dira. Esne Beltza eta La Pulqueria ipini ditue kartelburu, baina ganerakoak be eskarmentu handiko artistak dira: Sorkun, Hey Mr Neken, Dead Bronco, Rural Zombies, The Great Barrier, The Clams eta DJ Göo.

Ohikoa dan legez, ska, rocka, korrido mexikarrak eta abar nahastauko ditu La Pulqueria talde valentziarrak, irailaren 23an, barikua, emongo dauen kontzertuan. Bilbao BBK Liven arrakastea lortu eban Rural Zombies talde gipuzkoarrak eta Sorkunek be joko dabe egin horretan, besteak beste.

Zapatuan, irailak 24, Esne Beltzaren txandea izango da. Trikitixea oinarrian, ohiko doinu fusinoa eroango dau talde horrek Sopelara. Ganera, Esne Beltzagaz batera, The Clams, Dead Bronco eta abar be egongo dira oholtzan egun horretan.

Antolatzaileen arabera, aurtengo Sopela Kosta Fest izango da orain arteko surferoena. Kirol horregaz lotutako hainbat ikastaro eta txapelketa egingo dira jaialdiaren barruan. Euskadiko Surf Zirkuiturako balio dauen lehiaketea jokatuko da Arrietara hondartzan, baita kluben arteko txapelketea be.

Herriko lau surf eskola arduratuko dira hasibarriei kirol horren ganeko oinarrizko ezagutzak emoteaz, doban. Irailaren 24an eta 25ean izango dira ikastaroak, Arrietaran eta Atxabiribilen. 

Beste alde batetik, film laburren lehiaketeak igaz izan eban arrakastea ikusita, aurten barriro egingo dabe. Bideoak jasoten dabilz antolatzaileak orain, lehiaketako parte-hartzaileak aukeratzeko. Gehienez hamar minutuko lanak onartuko ditue, surfa edo naturea ardatz dabenak. Abuztuaren 29ra arte entregau leitekez film laburrak, Kurtzio Kultur Etxean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu