Bermeok 1912ko galarrena gogoratuko dau, 104. urteurrenean
2016-08-08 13:00 KultureaAbuztuaren 12an izango dira ekitaldi nagusiak, tartean itsasontzien prozesino isila eta lora eskaintzea.
1912ko abuztuaren 12an, 143 arrantzale hil ziran Matxitxako lurmuturretik 45 miliara, ezustean galarrenak jota. Hildakoen artean, Elantxobe, Ondarroa eta Lekeitiokoak egozan, baina kalterik handiena Bermeok jasan eban: 116 hildako.
Bermeoko Udalaren esanetan, 1912ko galarrena 20. mendeko lan istripurik larriena izan zan gure lurretan. Hildakoei eta hareen familiei omenaldia egingo deutse urtero legez Bermeoko herriak, hondamendiaren 104. urteurrenean. Udalak eta Galerna taldeak antolatu dabe egitaraua.
Abuztuaren 11n izango da lehenengo ekitaldia, Bermeoko Arrantzaleen Museoan. Isabel Letek La Galerna y la mar nobela historikoa aurkeztuko dau. 1912ko galarrenan dozenaka emakume alargun geratu ziran eta, argazki zaharren bidez, gorazarre egingo deutse Letek ekitaldian. 19:30ean hasiko da aurkezpena eta sartzea doban da.
Ekitaldi nagusiak abuztuaren 12an izango dira, Bermeoko Udalak azaldu dauenez. Batetik, atuna erreta dastatzeko aukerea egongo da Olatuko kaian, Galerna taldeak antolatuta.
Bestetik, arratsaldean, hitzordurik hunkigarrienetako baten txandea izango da, itsasontzi tradizionalen uretaratzeagaz. Gaueko 21:00etan prozesino isila egingo dabe Xixiliraino. Modu horretara, orain dala 104 urte hildako arrantzaleak gogoratuko ditue. Lehorrean geratzen diran herritarrak Portuzaharrera bajatuko dira eta han kandelak biztuko ditue. Kankinkabara taldeko txistulariek lagunduko deutse. Gero, bokalean bat egingo dabe itsasontziakaz eta lora eskaintzea egingo da.
Beste alde batetik, egun horretan Aita Guria baleontzia eta Arrantzaleen Museoa doban bisitau ahal izango dira. Bermeok itsasoagaz daukan loturea eta historia azaltzeko balioko dau horrek, Udalaren arabera. Abuztuaren 14ra arte, hain zuzen, 1912ko galarrenaren inguruko erakusketea dago museoan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!