Elorrioko Aztarnak lehiaketea martxan da, herriko oroigarria sortzeko

Bizkaie! 2016-08-05 10:09   Kulturea

Herriko dendetan eta turismo bulegoan saltzeko, Elorrioko souvenirra sortzea da Udalaren asmoa. Euskal Herriko artisauek parte hartu leikee.

Elorrioko ikuspegi bat (argazkia: Musikaire) | Ikusi handiago | Argazki originala

Herrira datozan bisitariek bertoko ondare kultural, paisajistiko edo industrialaren erakusgarri bat etxera eroateko aukerea izango dabe, horixe dino Elorrioko Udalak herriko oroigarria sortu beharrari buruz. Urteetako eskaria dala ganeratu dau, lehiaketarako deialdian.

Holan ba, eskuz egindako oroigarri hori topetako lehiaketea abian da, Elorrioko Aztarnak izenburupean. Euskal artisauek parte hartu ahal izango dabe eta urriaren 31ra arteko epea daukie proposamenak aurkezteko. Gehienez, hiru lan aurkeztu ahal izango ditu eskulangile bakotxak.

Oroigarriaren itxurearen inguruan ez dau zehaztapen handirik emon Udalak, artisau bakotxaren esku itxi dabe hori. Jakina, Elorrioko ondareagaz zerikusia izan beharko dau eta material jasangarriagaz egindakoa izan beharko da. Jatekorik ez da onartuko.

Zemendian astebetez erakutsiko dira aurkeztutako proposamen guztiak Iturri Kultur Etxean, herritarrek euren eretxia emon daien. Gero, epaimahai tekniko batek aukeratuko dau irabazlea, edo irabazleak. Behin betiko erabagia hartzeko, herritarren botoak ez eze, beste hainbat erespide be erabiliko ditu epaimahaiak: Kalidadea, gaurkotasuna, sormena, Elorrio ondo ordezkatzea, prezio egokian saltzeko modukoa izatea...

Elorrioko Aztarnak lehiaketako irabazleek hainbat kopia egin beharko ditue 2017ko Aste Santurako. Udalak erosi egingo ditu horreek kopiak eta herriko turismo bulegoan eta dendetan salduko dira gero.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu