Ertza, Deabru Beltzak eta Zurrunka Teatro, Libourneko kaleko arteen jaialdian
2016-08-05 08:39 KultureaZapatura bitartean egiten dabilz, Frantziako Libourne urian, Fest´Arts kaleko arteen topaketea. Aurtengo edizinora hiru euskal konpainia joan dira.
Etxepare Institutuak Libourneko jaialdiagaz daukan akordioari esker, kaleko arteetan dabilzan euskal konpainien ordezkaritza bat izaten da urtero Fest´Artsen, Euskadi à Libourne programearen barruan. Frantziako merkaduan euskal artistei ateak zabaltzeko asmoz sortutako Aquitaine.eus egitasmoaren barruan sartzen da hitzarmena.
Aurten, hiru euskal konpainia dagoz Libourneko topaketan parte hartzen. Ertza taldeak El show del espectador izeneko ikuskizuna eroan dau Fest´Artsera. Jantzea, musikea eta antzerkia buztartzen dituan obrea da.
Bestetik, Deabru Beltzak konpainiak Su à feu eroan dau Libournera. Taldearen lanik barriena da Su à feu, sua ardatz dauen formatu handiko ikuskizuna. Etorkizunetik etorritako pertsonaiek, antxinako doinuen erritmoan eta suaren argitan, jaigune bihurtutzen dabe kalea.
Amaitzeko, Zurrunka Teatrok txotxongiloak eroan ditu Fest´Artsera, KaleKOlore izeneko ikuskizunaren bidez. Emonaldi ibiltaria da hori. Kalerik kale, protagonista biek uria kolorez eta loraz beteteko helburua daukie.
Fest´Arts kaleko arteen jaialdia 1993an jaio zan, Libourneko Udalak bultzatuta, uriko kaleak bizibarritzeko eta adierazpide artistikoak publikoari hurreratzeko. Gaur egun, Frantziako jaialdi garrantzitsuenetako bat da kaleko arteen arloan. 50.000 ikusle erakarten dituala dinoe antolatzaileek. Aurtengo edizinoa abuztuaren 4tik 6ra bitartean egiten dabilz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!