Historiaurreko eta Erdi Aroko arrastoak topau ditue Torrentejoko aztarnategian
2016-08-02 13:26 KultureaEuskal Herriko Unibersidadearen Kultura Paisaien eta Ondarearen Ikertaldea dabil Torrentejon (Araba) indusketak egiten. Hirugarren kanpainea izan da aurtengoa.
Juan Antonio Quiros da indusketen zuzendaria eta, era berean, Javier Fernandez Erasoren lantaldea ibili da aztarnarik zaharrenak aztertzen. Arabako Foru Aldundiaren finantziazinoa jasoten dau taldeak, baita Bastidako Udalaren laguntzinoa be (udalerri horretan dago aztarnategia).
Alde batetik, aurtengo kanpainan, zeramika eta hazur batzuk topau ditue, Kalkolito sasoikoak. Adituek atera daben ondorioa da, Kristo aurreko 3. milurtekoan hilerri bat egon zala han.
Bestetik, Goi Erdi Aroan Torrentejon egon zan herritxuaren aztarnak topau ditue. Santa Maria eleizea eregi aurreko hilerri bat eta etxebizitza batzuk agertu dira. Arabako Errioxan topautako Goi Erdi Aroko lehenengo etxebizitzak dira, horrenbestez.
Indusketako arduradunek dinoenez, Nafarroako Erresumaren eta sistema feudalaren eragina garbi ikusten dira agertutako arrastoetan. Santa Maria eleizea 11. mendean eregi eben eta horma originalaren aztarnak agertu dira, baita beste egitura batzuenak be. Herri-giroko jauregi batenak izan leitekez horreek aztarnak.
Donemiliaga-Kukulako santutegiak Torrentejo ingurua erosi ebanean, goitik behera aldatu zan: Eleizea barritu egin eben, estilo erromanikoan, eta Behe Erdi Aroan bertan behera laga eben herria. Ondoren, 17. mendean barriro bizi izan zan jentea han eta 1780an, atzera bertan behera geratu zanean, Bastidako udalak eleizea zaharbarritu eta Santa Luzia izen barria ipini eutsan.
Indusketen zuzendari Antonio Quirosek ohartarazo dau, aztarnategia ez ebela egoera onean topau, bertan lanean hasi ziranean, eta Araban ohikoa dala hori. Torrentejoren kasuan, kontrol bako indusketa arkeologikoak egon zirala ikusi dabe eta, horren erruz, Erdi Aroko hainbat egitura apurtu egin ziran.
2005ean, ganera, lursaila mahastiak sartzeko atondu eben eta horrek kalte larriak eragin zituan, Quirosek salatu dauenez. Suntsiketearen parte handi bat oraintsu gertatu da, azken urteotan. Horregaitik, Quirosek kezkatuta dagoala esan dau, Arabako ondare historikoa arriskuan ikusten dauelako eta, beraz, babes handiagoa eskatu dau holako aztarnategietarako.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!