Bilboko Itsas Museoaren bildumea ezagutzeko gida digitala sortu dabe

Bizkaie! 2016-08-02 09:25   Kulturea

Telefonoa edo tableta erabilita, Bilboko Itsasadarra Itsas Museoko bisitariek bildumearen barri zehatzagoa jaso ahal izango dabe, baita informazino grafikoa be. Aplikazinoa dobakoa da.

Gida digital edo smartguide dalakoagaz, museora hurreratzen diranen esperientzia hobetu nahi dabe. Izan be, Itsas Museoko 23 puntutako informazino gehigarria emoten dau, bai testuz eta baita datu zein irudien bidez be. Bideoen eta argazki zaharren bidez, bisitariak Bilboren itsas historian murgiltzea da helburua. Museoko bildumetatik hainbat ibilbide proponiduten ditu gideak. Azalpenak euskeraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez dagoz.

Lehenengo fasea gaur, martitzena, abiatu dau Itsas Museoak. Bigarren fase baten, udagoien aldean, informazino gehiago sartuko dabe gidetan: Edukin multimedia eta jolasak, bisitaldia helduentzako zein umeetzako esperientzia ludiko bihurtzeko asmoz.

Aplikazinoa doban deskargau leiteke, iOS zein Android plataformetan. Museoaren barruko Wi-Fi zerbitzua bisitarien eskura ipini dau museoak, gidea telefonoko daturik gastau barik deskargau daien. Era berean, aplikazinoa bajatu nahi ez dabenek, edo horretarako gailurik ez daukienek, gidea ikusteko gailu berezia alokatu ahal izango dabe museoko harreran, euro bian.

Beste alde batetik, Itsas Museoak bisita-liburua barritu dau. Aurrerantzean, digitala izango da. Horri esker, bisitariek iruzkinak partekatu ahal izango ditue sare sozialetan. Ganera, iruzkinak egiten dituenek deskontuak eta beste abantaila batzuk izango ditue museoko dendan.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu