Jaietan erasoei aurre egiteko Beldur Barik proiektuagaz 39 udalerrik bat egin dabe
2016-08-02 08:36 KultureaEmakundek martxan ipinitako ekimena da, jaiguneetan indarkeria sexistea gitxitzeko. Euskal Autonomia Erkidegoko 39 udalerrik bat egin dabe Beldur Barik guneagaz, tartean Bilbok, Donostiak eta Gasteizek.
Eusko Jaurlaritzearen eta foru aldundien laguntzinoa dauka Emakundek proiektu honetarako. Asmoa da, herri bakotxak, bere neurrian, eraso sexistetatik libre dagozan eremuak sortzea, batez be jaietan. Norberaren sexualidadea modu libre, positibo eta seguru baten bizi izateko aukerea emongo daben guneak izango dira Beldur Barik izeneko horreek. Emakundek eta EAEko udalek aspalditik martxan daukien Beldur Barik kanpainearen barruan dago udako ekimen hau.
Beldur Barik guneak leku fisikoak izango dira kasu askotan. Han, jokabide sexistarik ez da egongo eta, era berean, informazinoa eta baliabideak emongo jakoz behar dauenari. Neskentzat, ahalduntzeagaz lotutako mezuak zabalduko dira eta, mutilentzat, maskulinidade eredu bakarra zalantzan ipinten dabenak. Homofobiaren kontra be lan egingo da.
Ganera, materiala sortu dabe, gazteen artean banatzeko: pegatinak, txapak, baita erasoak saihesteko gidea be. Tailerrak antolatzeko asmoa be badago. Batez be, prebentzino lana egin nahi dau Emakundek, jaiguneetan jarrera sexistak eta erasoak ohikoak izaten diralako. Jaietatik haragoko lan prozesuak sortzea be badago helburuen artean.
Orain arte, 39 udalerrik bat egin dabe Beldur Barik guneen proiektuagaz baina, Emakundek aurreratu dauenez, lanean dabilz udalerri gehiago batu daitezan. Honeek dira orain arte bat egin dabenak:
Abadiño, Amurrio, Areatza, Arantzazu, Artea, Bedia, Igorre, Lemoa, Bilbo, Astigarraga, Donostia, Eibar, Ermua, Barakaldo, Basauri, Elorrio, Gernika, Ondarroa, Oñati, Portugalete, Sestao, Ezkio-Itxaso, Legazpi, Ordizia, Urretxu, Zumarraga, Ugao, Zornotza, Gasteiz, Barrika, Berango, Gorliz, Lemoiz, Plentzia, Sopela, Urduliz, Bakio eta Gatika.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!