Bilboko Joker liburu-dendeari saria emon deutso Espainiako Kultura Ministerioak

Bizkaie! 2016-08-01 10:14   Kulturea

Kalidadezko liburu-dendak nabarmentzeko eta alkargune kultural bihurtu daitezan, igaz hasi zan Kultura Ministerioa zigiluak banatzen. Bilboko Joker komiki-dendea Bizkaian izendapena lortzen lehenengoa da.

Espainia guztiko 30 liburu-denda baino gitxiagok lortu dabe Kalidadearen Zigilu hori orain arte. Euskal Herrian, martian lortu eban ziurtagiria Iruñeko Auzolan liburu-dendeak eta, orain, Bilboko Jokerren txandea izan da. Bizkaiko lehenengoa da izendapena lortzen eta, era berean, komikietan espezializaduetakoen artean Ministerioak nabarmentzen dauen lehenengoa.

Zigiluak emoteko, Espainiako Kultura Ministerioko arduradunek hainbat arlo aztertu ditue. Alde batetik, funts bibliografikoak neurtzen ditue eta honeek zabalak eta askotarikoak diran begiratzen dabe. Bestetik, lokalek antolatzen dituen ekintza kulturalak, dendarien esperientzia, bertan emoten diran aholkuak eta abar be kontuan hartzen ditue.

Ministerioaren arabera, liburu-denda independenteak nabarmendu nahi ditue batez be, aniztasun editoriala babesteko eta irakurzaletasuna bultzatzeko ezinbesteko tresnak diralakoan.

Joker liburu-dendea Bilboko Euskalduna kalean dago, 300 metro koadroko lokal baten. Hogei urtez egon da martxan. Espezialidade nagusia komikiak dira, izan be, Bizkaiko komiki-zaleen topagune garrantzitsuenetako bat da. Berbaldiak eta jardunaldiak egiten ditue lantzean behin gai horren inguruan eta, hortaz, komikigintzearen munduko egile ezagunak pasau dira Jokerretik. Erakusketak eta tailerrak be antolatzen ditue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu