Igiriñaoko baseleizan San Inazio eguneko mezea egingo dabe domekan

Bizkaie! 2016-07-29 12:00   Kulturea

Gorbeiaren magalean dago Igiriñaoko katedral naturala. Ohitureari kasu eginaz, garagarrilaren 31n meza berezia egingo dabe han, hildako artzainak eta mendizaleak gogoan.

Mezea Igiriñaoko ermitan (argazkiak: Zeanuriko parrokia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bizkaian ez dago mezea emoteko leku garaiagorik, Igiriñaoko Edurretako Amaren baseleizea baino, 1.119 metroan. Sasoi baten, udako domeka eta jai egun guztietan ospatzen zan mezea bertan, inguruko artzain eta mendizaleen ekimenez. Azkenaldion, baina, ohitura hori San Inazio egunean baino ez da egiten, urtean behin.

Mezea eguerdiko 12:00etan hasiko da. Zeanuriztarrek Andra Maria Igiñakoa izeneko ereserkia abestuko dabe, baita San Inazioren martxea be. Ganera, urtean zehar hildako artzainak eta mendizaleak gogoan izango ditue. Behin ospakizuna amaituta, Zeanuriko Udalak barauskarria, hau da, ardao zuria eta gailetak, emongo deutse batutako guztiei, txistulariek giroa alaitzen daben bitartean.

Urtero, garagarrilaren 31n, makina bat lagun batzen dira Egiriñaoko parajean, Edurretako Amaren baseleizako mezan. Arratiatik eta Bizkaiko beste txoko askotatik joan ohi da jentea. Ermitea bera txikia da, zazpi metro koadro eskas, horregaitik alboko landetan emoten da mezea. Ganera, kontuan izan behar da, baseleizea barria dala eta aurretik egon zana, 19. mendean eregitakoa, txikiagoa zala.

Igiriñaoko hatxek sortutako zulo natural bat aprobetxauta eregita dago baseleizea, upel formako bobeda eta guzti. Porlanezkoa da egiturearen zati bat, ganerakoa mendiaren hatxa da. Artzainen eta mendizaleen debozinoaren iturri izan da Igiriñaoko Edurretako Amaren ermitea, baita kondaira batzuen iturri be.

Domekan Igiriñaora igon nahi dabenentzat, dobako autobus zerbitzua ipiniko dauela iragarri dau Bizkaiko Foru Aldundiak. Areatza eta Pagomakurre arteko bidea egingo dau autobusak. Goizeko 07:00etan urtengo dau lehenengoak Areatza herriko erdigunetik eta azkenak arratsaldeko 19:00etan urtengo dau Pagomakurretik. Hogei minutuan behin izango dira zerbitzuak.

 

Igiriñaon mezea, antxinako argazki baten

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu