Txina astindu dauen euskal sukaldaria
2016-07-28 12:24 BidaideBuruan nerabilen afari bat antolatzeko asmoa, hainbat sukaldarigaz eta mundu gastronomikotik kanpoko jenteagaz. Zentzumen guztietako esperientzia izan behar zan, artea eta musikea batuta. Willy Trullasegaz -Txinan arrakasta handiena lortu daben sukaldarietako bategaz- berba egin eta Pop Secret jaio zan, dino Pol Garcia sukaldariak.
Pol Garciak bere idoloak zuzenean ikusi nahi zituan. 2012. urtea zan eta chef donostiar gaztea Ferran Adriaren eta Martin Berasategiren berbaldietan lekua topetan ahalegindu zan, Donostiako Gastronomikan. Ez zan modurik egon, aretoa lepo beteta egoan. Beraz, ia ezagutzen ez eban sukaldari baten ponentziagaz konformau behar izan eban, Grant Achatz estadubatuarrarenagaz. Aho zabalik geratu nintzan berbaldi haregaz, horrenbeste ze, sukaldeaz neukan pertzepzinoa goitik behera aldatu neban, onartu dau. Achatzek mihineko minbizia izan eban eta gustuaren zentzumena galdu. Ondorioz, jatearen esperientzia hobetzen daben beste elementu batzuk indartzen hasi zan.
Gogoan dot azaldu ebala zelan sortu eban udagoieneko menu bat, urtaroa orbelez estalitako mahaira eroanda. Bezeroak hostoak kendu behar zituan platerekoa jateko eta lurrera jausten ziran. Zerbitzariek hostoak zapaldu eta sasoi horretako soinu eta aroma bereizgarriak sortzen ziran. Holan, Garciak esamoldea benetakoa dala ikusi eban: Begiakaz be jaten da. Eta belarriakaz. Halandabe, oraintsura arte ez dau jakin zer egin Achatzen barri izan eta gero etorri jakozan idea guztiakaz. Orain dala hiru urte bere ibilbideari bueltea emon eutsan herrialdera joan zan arte, Txinara.
Shanghaira heldu nintzan El Patio-ren ardurea hartzeko, estilo klasikoko jatetxe espainiar bat. Barrikuntzak sartzeko orduan, muga handiak topau nituan eta, orduan, sukaldea eta sukaldari txinatarren taldea kontrolpean neukazala igarri nebanean, beste formatu batzukaz esplorazinoan hasi nintzan. Jatetxean bertan, Tomatina berezi bat eta Santo Tomasetako euskal ospakizuna antolatu zituan. Baina ez zan nahikoa, urrunago joan nahi eban. Buruan nerabilen afari bat antolatzeko asmoa, hainbat sukaldarigaz eta mundu gastronomikotik kanpoko jenteagaz. Zentzumen guztietako esperientzia izan behar zan, artea eta musikea batuta. Willy Trullasegaz -Txinan arrakasta handiena lortu daben sukaldarietako bategaz- berba egin eta Pop Secret jaio zan.
Lehenengo edizinoak, 16 lagunentzakoak, onerako harritu zituan guztiak. Txinako uriburu ekonomikoko arte-galeria baten egin zan, eta Garciak eta Trullasek plater eta mahai-tresna bako afaria preparau eben. Jaki bakotxa, ardaoagaz ez eze, hainbat artistak egindako zuzeneko ikuskizunakaz lotuta egoan. Body painting-ean espezialistea dan Catherine Robbinsegaz berba egin genduan eta berak artista talde bat ekarri eban, ikuskizunetan parte hartu ez eze, zerbitzari lana egin ebana, azaldu dau sukaldari donostiarrak. Nahi izan barik, ondo motibautako taldearen inprobisazinoak gidatuta, Garciak pertsonaia bitxien uniberso bat sortu eban, Tim Burton eta David Lynchen histrionismoari lehia egiteko modukoa. Sorpresa-faktorea azkeneraino eroan nahi izan eben. Baita lortu be.
Lehenengo edizinoak ez eban mugarik izan. Zerbitzariek ceviche-a zerbitzatu eben harrikoa egiteko eskunarruak jantzita eta artistetako batek gaua striptease bat eginda biribiltzea erabagi eban eta bezero guztiak aho zabalik itxi. Banekian Txinako agintariakaz arazoak euki ahal izango genduzala, baina stripteasearen une hori inprobisazinoaren emoitzea izan zan eta ez neban artisten askatasuna mugatu nahi izan, azaldu dau Garciak, janari azkarreko lokal baten jaten dagoan artean. Arrakastea ikusita, sukaldean ibiltearena albo batera itxi dau, ez atzera ez aurrera egoala sumatu ebalako -El Pation buruzagi exekutiboa baino ez da gaur egun-, eta Pop Secreten laugarren edizinoa eskema guztiz desbardin bategaz amaitu barri dau.
Formatu ugari aztertzen gabilz, negozio-eredu iraunkor bat sortzeko. Holan, Pop Secreten bigarren edizinoan 30 bezero onartu genduzan eta inmobiliarien arloko enpresa baten showroom-ean antolatu genduan; hango beharginei eskandalua begitandu jaken. Hirugarren edizinoa guztiz desbardina izan zan, Txinako Urte Barria ospatzeko enpresearen jaia antolatzeko eskatu euskun Apple-k eta, jakina, tonua apur bat apaldu behar izan genduan. Era honetako ekintzak enpresentzat antolatzea giltzarrietako bat da, proiektua bideragarria izan daiten, azaldu dau. Eta laugarren edizinoa itzela izan da: jatekoa eta ikuskizuna 10 orduz, ia mila bezero, 23 sukaldari, 25 artista eta 17 musikari, Garciak zenbatu dauenez.
Baina, logikeak agintzen dauenez, jatekoa da garrantzitsuena eta, arlo horretan, Shanghaiko sukaldariek distira egin eben. Menu orekatua sortzen ahalegintzen gara, prestakuntzan danok parte hartzen dogu, dino Garciak. Esate baterako, Jose Vicente Mascarosek Valentziako jantzi tipikoa jantzi eban zortzi paella zerbitzatzeko eta Willy Trullasek kapitain jantzia ipini eban eta itsasaldeko txokoa sortu. Margarita zaporeko ceviche eta izotz bolak preparau zituan eta piszina batera bota. Berezoak han sartu behar ziran jatekoa eskuratzeko. Jai giroa sortzen ahalegintzen gara, lotsabakoa, errutinatik iges egiteko balio dauena.
Era horretako ikuskizunak hartu ahal izateko moduko uri bihurtu da Shanghai azkenaldion, duda barik. Badagoz artista ikusgarriak hemen eta horri esker antolatu ahal izan dot Pop Secret. Beharbada, Donostiaren pareko uri baten ezin izango neuke holako zeozer eratzeko personarik topau. Lortu dauen arrakasteari esker, Pol Garciaren asmoa da bere ekintzak beste uri eta herrialde batzuetara eroatea. Etxera bueltau eta Donostiako Gastronomikan egitea darabil buruan. Akaso, hiru Michelin izardun sukaldari handien berbaldietan lekurik topau ez dauen chef baten inspirazino bihurtuko leiteke.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!