Bilboko Arte Ederren Museoko egunik jentetsuena izan zan atzokoa
2016-07-28 08:42 KultureaEskultura hiperrealistearen ganeko erakusketeak bisitari ugari erakarri ditu egunotan. Atzo, eguaztena, 5.600, Arte Ederren Museoaren historiako kopururik handiena.
Atzerapenez zabaldu eben Eskultura hiperrealista, 1973-2016 erakusketea, Bilboko Arte Ederretan zerbitzuak emoteko subkontratautako beharginek huelgea egin ebelako, lan baldintza egokien alde. Museoa hainbat astez zarratuta egon eta gero, behin akordioa lortuta, garagarrilaren 20an zabaldu eben erakusketea.
Ikusmin handia eragin dau eskultura hiperrealisteak bisitarien artean. Estilo horretako arteak gizakiaren gorputza zelan irudikatzen dauen aztertzea da erakusketearen helburua. Horregaitik, gizakien itxurako eskulturak dira nagusi, horren zehatzak ze, gatxa da benetako personak ala eskulturak diran bereiztea.
Jokera artistiko horretako 26 artista nabarmenen 34 obra batu ditue erakusketan. Mende erdi inguruko ibilbidea egin dau hiperrealismoaren mobimentuak eta, batez be, artistek gizakiaren figurea zelan irudikatu daben aztertzen da Bilboko erakusketan.
Aurten Bilbora etorriko diran erakusketa nagusietako bat da Eskultura hiperrealista, 1973-2016. Horri gehitu behar jako museoa hainbat egunez zarratuta egon izana eta oporraldi sasoia dala. Horren guztiaren ondorioz, bisitari ugari doaz egunero.
Atzo, abuztuak 27, izan zan egunik jentetsuena. Une batzuetan, ilarak egon ziran museoan sartu ahal izateko. Arte Ederren Museoaren historian, bisitari kopururik handieneko eguna izan zan atzokoa, 5.600 personako markeagaz.
Eskultura hiperrealistak irailaren 26ra arte egongo dira ikusgai, museoko BBK Aretoan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!