Bermeok, Gernika-Lumok eta Mundakak bat egin dabe, 50 plan turistiko eskaintzeko
2016-07-27 12:52 KultureaIgaz hasitako ekimenari jarraipena emonaz, Busturialdeko hiru turismo bulegoek bat egin dabe aurtengo udan, eskualdeko eskaintza guztia modu bateratu eta praktikoan eskaintzeko.
Era askotako publikoari zuzendutako 50 planeko zerrendea osotu dabe Bermeoko, Gernika-Lumoko eta Mundakako turismo bulegoek. Modu horretara, bisitariek aukera zabala topauko dabe Busturialdeko leku erakargarrienak ezagutzeko.
Eskualdeko turismoan eragin handia daukien lekuak agiri dira planen zerrendan. Esate baterako, Gaztelugatxe, Busturialdean bisitari gehien erakarten dituan lekua. Santimamiñeko kobazuloak be leku nabarmena dauka turismo bulegoen eskaintza bateratuan, topau zaneko mendeurrena aurten bete dan ezkero. Era berean, jarduera ugari sartu ditue zerrendan: surfa, ibilaldiak kayakean, eskaladea, itsasora urteerak...
Turismo bulegoetako arduradunek azaldu dabenez, eskualdeko eskaintza turistikoa bateratzea praktikoagoa eta erakargarriagoa da bisitarientzat. Igaz be antzeko ekimen bat egin eben eta arrakasta handia euki eban. Horregaitik, aurten barriro errepetiduko dabe.
Busturialdeko 50 plan turistikoen eskaintzearen barri emon deutsie sektoreko enpresa, taberna eta dendei, erabiltzaileen artean zabaldu daien. Sare sozialak eta internet be erabiliko ditue zabalkunderako.
Bermeoko Udaleko Turismo zinegotzi Irune Ormaetxeak, eskaintza bateratuaren aurkezpenean, nahi daben guztiak konbidau ditu eskualdea ezagutzera: Paisaia, kulturea, gastronomia eta astialdiaren bidez ondo pasetako aukerea izango dabe bisitetan gaituen guztiek.
Planen gidaliburua ikusgai, hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!