David Aja nazinoarteko artisteak egin dau Getxoko 15. Komiki Azokearen kartela
2016-07-27 09:19 KultureaAzokea zemendiaren 18tik 20ra egingo da Areetako Geltokiaren Plazan. Antolatzaileek aurreratu dabenez, David Aja komikigile espainiarraren kartela aukeratu dabe 15. edizino honetarako.
David Aja Valladoliden jaio zan eta han bizi da gaur egun. Salamancako Unibersidadean Arte Ederrak ikasitakoa da eta 2000. urtetik dabil ilustrazinoaren munduan. Aldizkari eta egunkarietan hasi zan eta, ondoren, komikigintzeari heldu eutsan.
Amerikako Estadu Batuetan beharrean hasi zan 2005ean. Izen handiko serieetan ilustratzaile eta azal-egile izan da, adibidez Wolverine, Daredevil eta Iron Fist komikietan. Nazinoarteko sari ugari irabazi ditu Ajak, tartean Eisner sari batzuk, komikiaren arloan emoten diran garrantzitsuenak.
Getxoko Kultur Etxeak jakitera emon dauenez, David Ajak egindako kartelak iragarriko dau aurtengo Komiki Azokea. Ganera, hori ez da izango artistearen lana ikusteko aukera bakarra. Izan be, Ajaren ilustrazinoen erakusketea ipiniko dabe azokan. Bere ibilbide profesionalean izan dauen bilakaerea ikusi ahal izango da, hainbat ilustrazinoren bidez.
Ajagaz batera, Areetako karpan nazinoarteko beste komikigile ezagun gehiago be egongo dirala agindu dau Getxoko Kultur Etxeak. Guztira, 60 saltoki ipiniko ditue zemendiko azokan eta jarduera osogarri ugari antolatuko dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!