Kale antzerkia izango da egunero Bilboko Aste Nagusian

Bizkaie! 2016-07-27 08:32   Kulturea

Aurreko urteetan legez, aurten be dobako kale antzerki emonaldien zikloa antolatu dau Bilboko Udalak, abuztuaren 21etik 29ra, umeei zein helduei zuzendutako programazinoagaz. Arriaga antzokiaren aurrean eta Gas plazan izango dira ikuskizunak.

'Lurrak' ikuskizuna egitarauan sartu dabe | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskal konpainiak zein atzerritik ekarritakoak izango dira Bilboko Aste Nagusian, Itziar Urtasun zinegotziak azaldu dauenez. Guztira, 17 taldek parte hartuko dabe, 23 emonalditan. Arriaga plazan saio bikotxa egongo da egunero (13:30 eta 21:30) eta Gas plazan 19:30ean hasiko dira ikuskizunak, 20:00etan hasiko dan abuztuaren 21ekoa izan ezik.

Bilbotarrei zein bisitariei dobako ikuskizunak eskaintzea da asmoa, bertoko zein atzerriko konpainien eskutik, Itziar Urtasunek zehaztu dauenez. Kataluniatik, Argentinatik, Finlandiatik, Kanadatik eta abar etorriko dira artista batzuk.

Euskal konpainiei jagokenez, arte eszenikoetan ibilbide luzea egin daben taldeak dagoz, esate baterako, Eidabe eta Trapu Zaharra. Lurrak euskal zirku garaikidearen emonaldia be egongo da hilaren 26an.

Arriaga plazako emonaldiak publiko guztiarentzat aproposak izango dira, batez be helduak gogoan. Gas plazako ikuskizunak, ostera, umeei zuzendutakoak izango dira, Bilboko Udalak azaldu dauenez.

Testu gitxikoak izango dira obretako asko, eta ganerakoetan zeinu bidezko interpretazinoa egongo da, entzuteko arazoak daukiezenek be programazinoaz disfrutau ahal izan daien. Inklusinoaren arloan aitzindaria da programazino hau, Itziar Urtasunek azpimarratu dauenez.

Programazino bete-betea izango da aurtengoa, Urtasunen esanetan. Ume eta helduak harri eta zur lagatzeko eta danek ondo pasetako moduko egitaraua izango dala ganeratu dau zinegotziak.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu