Aurten itsasora jaurti daben teila sutean kaltetutako Bermeoko udaletxekoa izan da

Bizkaie! 2016-07-22 08:26   Kulturea

Bermeoko Udalak Izaro ugartearen ipar-ekialderantz dagozan mugak adierazo ditu gaur eta, horretarako, alkateak teila botako dau honakoa esanez: Honaino heltzen dira Bermeoko ituginak.

Bermeoko Madalen jaietan tradizinoa eta jaia batuko dira aurten be. Idurre Bidegurenek, Bermeoko alkateak azaldu dauenez, Izaro protagonista dauen jai honetan herrikoak zein kanpotik datozenak gure tradizinoagaz eta jaiagaz disfrutetako aukerea izango dabe. Aurten itsasora jaurtitako teila berezia izan da, izan be, Alde Zaharreko sutean kaltetutako Bermeoko udaletxeko teila bat izango da.

Ohikoa dan legez, aurten be, garagarrilaren 22an, Bermeoko Udalak Izaro ugartearen ipar-ekialderantz dagozan mugak adierazo ditu eta, horretarako, betiko moduan, alkateak teila bota dau honakoa esanez: Honaino heltzen dira Bermeoko ituginak.

Aurten teila 2013ko apirilean sutean kaltetutako Bermeoko udaletxekoa izango da. Bermeoko udaletxea, 1733. urtean eregia, babes berezia dauen kultura-ondare legez katalogauta dago eta eraikin hau berreregitea ezinbestekoa da bermeotarrontzat, esan dau Bidegurenek; Horregaitik, aurten udaletxeko teila bat jaurtitea pentsau dogu, udaletxearen egoerea zein dan nabarmentzeko eta berreregiteko dauen beharra azpimarratzeko.


Madalen Eguna

Goizean kalejirea egongo da Kankinkabara txistu taldeagaz. 10:40ean Udalbatza Goiko plazan batuko da. Txistulariak lagunduta, udalbatzak itsasontzietaraino ibilaldia egingo dau portutik eta 12:00etan itsas jaia hasiko da. Ontziratze eta lehorreratzea izotz fabrikearen parean izango  da.

Ondoren, Bermeoko Udalak Bermeoko eta ikurrinaren jasoerea egingo dau Izaro ugartean eta alkateak, ohikoa dan legez, teilaren jaurtiketea egingo dau Bermeoren mugak berretsiz.

Eguerdiko ordu biak inguruan Elantxobera helduko dira eta ohorezko aurreskua egingo jako Bermeoko alkateari, herriko plazan, Alkartasuna jantza taldearen eskutik. Arratsaldeko 18:00etan, Elantxobetik urtengo dabe Mundakarantz eta arratsaldeko 19:30ean edo helduko dira Bermeora. Portutik Udalbatza Goiko Plazaraino abiatuko da Bermeotarrak fanfarreagaz. Bermeoko bandera eta ikurriña altzau eta gero, aurreskuak egingo dira.

Kontuak kontu, Madalen jaietan danok ondo pasetako aukerea izango dogula nabarmendu dau alkateak; Edade guztietako bermeotarrok eta kanpotik datozenak jaiagaz eta tradizinoagaz gozetako aukerea izango dogu eta persona guztiak jaian parte hartu eta edertasun parebakoa dauen gure ingurua bisitau deien konbidau nahi dodaz, azpimarratu du alkateak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu