Euskadi aitzindari bisitariei wifia doban eskaintzen
2016-07-20 13:31 KultureaEusko Jaurlaritzeak eta Euskaltelek abian jarritako ekimenari esker, Euskadira heltzen diran persona guztiek wifi zerbitzua doban izango dabe bost egunez.
Eusko Jaurlaritzako Merkataritza eta Turismoko sailburuorde Itziar Epalzak, Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotzi Xabier Ochandianok eta Euskalteleko Marketin zuzendari Koldo Unanuek Free Wifi for Visitors programea aurkeztu dabe Bilbon. Ekimen barritzaile honek aukerea emongo deutse Euskadiri uda honetatik aurrera bisitari guztiei wifi zerbitzua doban eskainiko deutsen lehenengo helmuga turistikoa izateko.
Ekimena Eusko Jaurlaritzearen, Euskaltelen eta Itourbask Turismo Bulego Sarearen arteko lankidetzeari esker heldu da, eta sektoreko beste eragile batzuekaz batera, aukerea emongo deutse bisitariei Euskadi osoan 150.000 wifi-puntutara doban konektetako, batez be ostalaritza eta merkataritzako zerbitzu-zonetan, Euskadiko industria turistikoa indartzen laguntzeko.
Wifia doban izango dabe bisitariek, bost egunez, doban deskargetan dan aplikazino bati esker. Euskadiko 51 turismo-bulego eta informazino-puntuetan bistara egongo da aplikazino hori. Hiru hilebete igaro ondoren barritu leikie zerbitzu hori bisitariek, Euskadira itzultzen badira.
Itziar Epalzak nabarmendu dauenez, Euskadiko Helmuga Turistikoa, Helmuga Adimenduna eregiten aurrera egitea posizionatze-lanaren lehentasunetako bat izan da urte honeetan zehar. Jarduketa teknologikoak gauzatu dira, eta baliabide, informazino-puntu eta instalazino turistikoetan WIFI-sareak ezarri dira, zerbitzu turistikoak eskaintzeko aukerea emongo daben aplikazino mobikorren garapena eta erabilerea hobetuta. Programa hau beste pausu bat da helmuga turistiko adimendun bat izateko bidean.
Turista potentzialek gero eta gehiago erabilten ditue aplikazino mobikorrak informazinoa batzeko, bidaia egin aurretik eta helmugara heldukeran. Eusko Jaurlaritzearentzat, barrikuntza teknologikoa, eta ez-teknologikoa be bai, funtsezko alderdia dira helmuga adimenduna izateko helburua finkatzeko. Horrek e-turistearen, hau da, Euskadi online ezagutu nahi daben personen eskakizunari erantzungo deutso, izan be, badakigu kontaktuen % 40tik gora dirala helmugara bidaiatu aurretik, eta hona heldukeran online konektetan jarraitzen dabela.
Euskaltelek nabarmendu dauenez, arrakasta handia izan dau orain arte WiFi Kalean sareak: 150.000 erabiltzaile aktibo, eta erabilera-kontzentrazino handia ostalaritzearen eta denda txikien densidade handiko zenbait gunetan. Beraz, erabagi dogu beste pausu bat emotea, abantaila gehiago eskaintzeko negozio txikietako gure bezeroei, eta, ganera, balio-ekarpena egiteko euskal gizarteari, herrialdeko turismo-industria bultzatuz, esan dau Koldo Unanuek, Euskaltelen Marketineko zuzendariak.
Kontuak kontu, ekimen honi esker, abantaila handiak izango ditue turistentzako WiFi seinalea daukien dendek eta ostalaritzako negozioek:
- Erakargarriagoak izango dira bisitarientzat, dobako WiFi zerbitzua eskainiko deutsielako.
- Erabiltzaileak ez dau ibili behar establezimendu bakotxean logina eta pasahitza sartzen, sare bera baitago guztietan; beraz, ez jake azaldu behar erabiltzaileei zelan konektau behar daben taberna edo negozio bakotxean, izan be, automatikoki konektauko dira.
- Segurua da bezeroei eskaintzen jaken WiFi zerbitzua, eta negozioko WiFi seinale propiotik bereizita dago.
Azken buruan, Euskaltelen plan barri bat iragarri dau Koldo Unanuek: ahalmen handiko 700 WiFi gune, WiFi sarea hobetzeko Euskaltelen bezeroei eta turistei. Bestalde, Euskaltelen eta Eusko Jaurlaritzearen arteko lankidetzearen garrantzia azpimarratu dau Unanuek, Euskadirako onuragarriak diran proposamen barriak baitakarz.
Xabier Ochandianok, bestalde, nabarmendu dau Bilboko Udalak teknologia barriakazko dauen konpromisoa, eta gogoratu du, Bizkaiko uriburuak Interneten doban sartzeko 112 guneko sarea dauela, mundu guztiak erabilteko zabalik dagoana. Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotzi bilbotarrak adierazo dau helburua dala informazinoaren gizarteak ekarten dituan onurak egoiliar nahiz bisitariei helarazotea. Azken horreei buruz esan dau funtsezkoak dirala uri eta toki adimentsuak sortzeko eta egonkortzeko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!