Bilboko Arte Eder Museoak ateak zabaldu ditu 41 egunetan greban egon ostean

Bizkaie! 2016-07-20 08:37   Kulturea

Arte Eder Museoan garagarrilak 20tik irailaren 26ra bitartean ikusi ahal izango da Eskultura hiperrealista 1973-2016 erakusketea.

Bisitarien arretarako laguntza zerbitzuak emoteko azpikontratauta dagoan enpresea Manpower Group Solutions S.L.U. eta bere langileek ados jarri dira eta bertan behera itxi dabe azken 41 egunetan egin daben grebea, enpreseagaz akordioa lortu eta gero. Arte Ederren Patronatuak (Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzea) pozik hartu dau barri hau. Modu honetan Arte Eder Museoak normaltasunez zabalduko ditu bere ateak gaur, eguaztena, garagarrilak 20, eta bisitariek Eskultura hiperrealista 1973-2016 erakusketaz gozetako aukerea izango dabe. Erakusketea datorren irailaren 26ra arte egongo da ikusgai Bilbon.

Museoaren ohiko ordutegia: asteazkenetik astelehenera, 10:00etatik 20:00etara, eta, beraz, bai bilduma iraunkorra bai Eskultura hiperrealista 1973-2016 ikusteko aukerea dago barriro.



Eskultura hiperrealistea 1973-2016

Erakusketeak mobimentuko 26 artista adierazgarrienek egindako 34 eskulturaz osotutako aukeraketea eskaintzen deusku museoko BBK aretoan. Hiperrealismoak berrogeita hamar urte luzez egin dauen ibilbide guztian giza figurazinoa modu sakonean aztertzeko helburuagaz antolaturiko lehenengo erakusketea dogu honakoa.

1960ko eta 1970eko hamarkadetako zenbait eskultorek errealismoa modu jakin batean islatzeko interesa erakutsi eben, giza irudiaren bizipenak modu sinisgarrian adierazotea oinarri hartuta. Teknika tradizionalak erabiliz, esaterako, modelaketea, gurtzea eta pinturea, giza gorputza islatu eben, modu askotara, baina helburu bakar bategaz: errealismo figuratiboaren interpretazino garaikidea sortzea. Ron Muecken berbetan, Nahiz eta denpora asko eskaintzen deutsadan gainazalari, barruko bizitza harrapatu nahiko neuke. Erakusketeak gorputza adierazoteko bost modu desbardin erakusten deuskuz, beste horrenbeste zatitan banatuta dagoan ibilbidearen bidez: Giza erreplikak, Eskultura monokromoak, Gorputzaren zatiak, Dimensinoen jolasa eta Errealidade deformatuak. Modu horretara, obra horreen bidez, ikusleak erabat txundituta geratuko dira, errealidadeagaz daukien antzekotasun sinisgarriagaitik. Era berean, gai artistiko hau lantzeko modu bat baino gehiago dagoala adierazoten dabe, artearen historiako adierazpide ugariak erabiliz, bilakaera tekniko jakin bategaz, mobimentuaren hasieretatik aro digitalera arte.

Aukeraketa honek hiperrealismoko eskultore aitagarrienak batzen ditu, George Segal, Duane Hanson eta John De Andrea aitzindari iparramerikarretatik abiatuta. Gero, mobimentuak nazinoartean izandako zabalkundearen lekukoak datoz: Juan Muñoz espainiarra, Maurizio Cattelan italiarra, Berlinde de Bruyckere belgikarra, Ron Mueck, Sam Jinks eta Patricia Piccinini australiarrak edota Evan Penny kanadiarra, besteak beste. Era berean, erakusketeak ondo baino hobeto islatzen dau hiperrealismoaren nazinoarteko izakerea, bai eta oraindino dauen indarra be: John De Andrearen Lisa lana, oraintsu amaitutakoa, lehenengoz aurkeztuko da jentaurrean. Ikuspegi orokor hori lortzeko, Tubingako Kulturearen Alkartrukerako Institutuak (Alemania), 2014an gure museoagaz lankidetzan jardun eban, pintura hiperrealistearen ganeko erakusketa arrakastatsuan, mundu osoko bildumetatik maileguan emondako lanak batzea lortu dau, erakusketako komisarioa dan Otto Letze zuzendariak proponiduutako hautaketearen arabera.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu