Kulturartea Mapea aurkeztu dau Mintzolak

Bizkaie! 2016-07-15 09:33   Bertsolaritzea

Kulturartea Mapea munduko kantu inprobisatuak batzen dituan eta horreen aniztasuna erakusten dauen datu-basea da.

Europa bat-bateanen jardunaldi akademikoen laugarren saioaren amaieran izan da aurkezpena. Aurretik, mundu osoko adituek ahozkotasuna eta kantu inprobisatua aztertu dabe begirada ookor batetik.

Xenpelar Dokumentazio Zentroak garatutako Kulturartea Mapea aurkeztu dau Mintzolak. Horretarako Europa bat-batean egitasmoaren barruko jardunaldi akademikoek eskainitako abagunea erabili da, Miramar Jauregia plazatzat hartuta.

Kulturartea Mapea munduko kantu inprobisatuak batzen dituan eta horreen aniztasuna erakusten dauen datu-basea da. Hain zuzen, horixe nabarmendu dau Ruth Finneganek Alaitz Rekondok berbea emonda. Finnegan ahozko literaturea genero lez errekonozitua izateko lan handia egindako eminentzia da ahozkotasunean; Finneganez gan, Mintzolako patronatu kide dan UPV/EHUko Jon Zaratek, Oral Traditioneko zuzendaria dan John Zemkek eta Renoko Euskal Liburutegiko Iñaki Arrietak be berba egin dabe, eta Andoni Egañak zein Las Alondrasek abestu egin dabe.

Aurkezpenaren aurretik, beste hizlari batzuk be pasau dira Miramarreko Baroja aretotik. Lehenengo eta behin, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburuorde Joxean Muñoz, Mintzolako patronatu kide Andoni Egaña eta UNESCO etxeko Begoña Guzman Garapenerako Kultur teknikariak.

Afrikako eta Ingalaterrako literaturako adibideak erabiliz, poesiaren ahozko alderdia jorratu dau Ruth Finneganek, eta Anthony Judge jn.ak diskursoaren sorkuntzan kudeatzen diran idea edo ahots desbardinak izan ditu aztergai.

Azkenik, eta Kulturartea Mapea aurkezteko atarian, Oral Tradition eta honen sortzaile izandako John Foley zana omendu dira. Bertsolaritzara egindako ekarpena laburtzen eban ikus-entzunezkoa izan da ikusgai lehenik, eta gero Iñaki Murua Mintzolako lehendakariak oroigarria emon deutso John Zemke Oral Traditioneko egungo zuzendariari.

Gaur, hilak 15, azken eguna izango dau Europa bat-bateanek Miramarren; hizkuntza gitxituak izango dira ardatz.


Kulturartea Mapea, edonondik eta edonork konsultagai

Andoni Egañak bere bertsoan aitatu legez, Kulturartea Mapeak edonork eta edonondik danon barri jakin daian tresna baliogarria da.

Mapea lotura honetan topau daiteke: www.mintzola.eus/eu/kulturartea/mapa. Kantu inprobisatuak adierazoten dituan mapan, adierazpide horreek zein hizkuntzatan garatzen diran ikus daiteke kolorez sailkatuta. Horreetako bakotxean sartuta, adierazpideagaz lotutako dokumentazinoa topau daiteke, hasi sarean dagoan materialetik eta baita Xenpelarren Bertsolaritzearen datu-basean, BDBn, topa daitekezan dokumentu, audio-grabazino eta prentsa argitalpenak be.

Datu-basea osotzeko zaleen eta adituen ekarpenak batu ditue eta honenbestez, eta ekarpen gehiago batu ahala, handitzen joango dan datu-basea izango da Kulturartea Mapea, ondare aldakor eta bizia.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu